GARA > Idatzia > Kultura

Irati JIMENEZ Idazlea

Burbuilak

Higiezinen burbuila for dummies: espekulazioaren napalmak xurgatu egin zuen puztutako prezioak ordaintzeko behar zen kreditua eta sistemaren gurpil eroak balazta are eroagoaren erruz amildegitik behera estropezu egin zuen. Aseguru-gabeak miseria gorrian geratu ziren eta eraikuntzaren negoziotik bizi zirenak amildegiak zabaltzearena hasi zuten.

Kazetaritza ere badabil krisi lehergarrian, baina zama arinduko duen erruduna aurkitu du: Internet. Sareak edukiak doan ematen ditu eta jendeak ez du honezkero eduki profesionalik ordaindu nahi. Askoren ustez, horixe da «El País» bera ere kolokan jarri duen krisiaren laburpena. Nire ustez, ostera, diagnostiko hori egitea zera esatea bezala litzateke: «Higiezinen burbuilak frogatu du jendeak ez duela etxea erosteko gogorik». Internetek kazetaritzaren arazoei abiadura eman dien paradigma sortu du eta bata bestearen kontra jarri ditu, partikula-azeleragailuan bezala. Baina arazoak geure oinarri subatomikoan ditugu.

Iritzi hutsak kontrajartzeari erreportaje deitzen diogu; emandako datuekin konformatzen gara geureak bilatu eta alderaketa zientifikorik egin gabe; edozeinek edonori buruz esaten duena tuiteatzen dugu beste aldeari deitu beharrean; galderarik gabeko prentsaurrekoen bozgorailu eta prentsa-oharren bozemaile gara; geure etxearen balioa puztu eta husten duten oparien zozketatzaile. Internetek ez gaitu -oraingoz!- profesionalak leku gabe utzi: puztutako edukien truke kobratzea espekulazioa dela gogorarazi digu eta maila ematera deitu gaitu.

Erreinuko politena Edurne Zuri zela esan zionean amaginarreba ispiluarekin haserretu zen. Ez dirudi etorkizuna irabazteko estrategiarik abilena.