GARA > Idatzia > Mundua

Tamilak ez zituztela behar bezala babestu aitortu berri du Nazio Batuen Erakundeak

Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreak desagerrarazteko, Sri Lankako Gobernuak tamilen herrialdearen aurka gogor jo zuen 2009an lurrez, airez eta itsasoz. Zibilen babesean huts egin zutela aitortu berri du NBEk.

GARA | COLOMBO

Sri Lankako Gobernuak Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreen (LTTE) kontrako ofentsiba gogorra abian jarri zuen 2008an. Tamilen lurraldearen aurkako erasoan gogor jo zuen lurrez, airez eta itsasoz. Erasoa hasi aurretik, gobernuz kanpoko erakunde eta kazetari guztiak kanporatu zituen. Erasoaldia 2009ko maiatzean amaitu zen LTTEren buruzagi guztiak hil ondoren. Azken hilabeteak gogorrenak izan ziren. Urtarriletik maiatzera 40.000 zibil inguru hil zituzten. Tamilen diasporak salatu zuen Sri Lankako Armadak debekatutako armak erabili zituela, esaterako fosforo zuria, eta ospitaleak nahiz bestelako azpiegitura zibilak bonbardatu zituela.

Une horietan Nazio Batuek beraiek satelite bidez egindako argazki sorta batek agerian uzten ditu guztiz txikitutako inguruak. Argazkiak Al Jazeera kateak argitara eman zituen.

Hiru urte eta erdi beranduago, Nazio Batuek tamilen babesean huts egin zutela aitortu berri dute barne ikerketa batean. «Akats larria» egin zutela ondorioztatu dute. BBC kateak iragarri duenez, aurrerantzean herritarrak hobeto babesteko eta dituen ardura humanitarioak bere gain hartzeko gomendioa egin dio ikerketa batzordeak Nazio Batuen Erakundeari.

Izan ere, 2008ko irailean, inguru horretan zituen langileak lekuz aldatu zituen NBEk. Nazioarteko taldeak babesteko gai ez zela esan zuen Sri Lankako Gobernuak, eta NBEk bere kide guztiak kanporatu zituen.

Benjamin Dix bertan zen. Misioa bertan uzteari uko egin zion: «Horrek zibilak babesik edo lekukorik gabe uztea esan nahi zuen. Langile humanitarioa naizen heinean, zalantza asko sortu zizkidan erabaki horrek. `Zer da hau guztia? Ez al da hori gure eginbeharra?, galdetzen nion neure buruari'».

Britainia Handiari babesa eskatu dion irakasle tamil batek Nazio Batuetako langileen irteerak eragin zuen ezinegona gogora ekarri zuen. «Arren eskatu genien ez joateko, baina ez ziguten kasurik egin. Alde egin izan ez balute, pertsona gehiago bizirik egongo ziratekeen orain», nabarmendu zuen. Txostenaren arabera, egoera «katastrofikoa zen. NBEren goi karguek ez zituzten heriotzak ekidin, nahiz eta hori beraien ardura izan».

Ez zituzten biktimak zenbatu ere egin, jasotako datuak ezin zituztela egiaztatu argudiatuta.

Bestalde, pasa den astean tamilen ordezkari bat hil zuten Parisen Tamilen Antolaketa Batzordetik ateratzen ari zela. Ezezagun batek bularrean, iztaian eta sorbaldan tiro egin zion Nadarajah Mathinthirani. 2007an atxilotua, hiru urtez kartzelan egon zen «gaizkile taldeko kidea» izatea leporatuta. Tigreen militantea zela zioen Parisek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo