GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Iragarritako erasoaldiari ekin dio Israelek

Iragarrita zegoen. Israelgo Gobernua Gazaren aurkako erasoaldi bortitz bat egiteko aukera aztertzen ari zen, eta lehenago egunotako bonbardaketak areagotu nahiago omen zuen, baita «hilketa selektiboei» heldu ere. Herenegungo albiste hori egiaztatzeko egun bat baino ez da behar izan. Egiptoren bitartekaritzak Israelen eta Gazako zerrendako milizien arteko su-etena gorabehera. Atzo aireko Armadak Ahmed Jabari Hamaseko buruzagi militarra hil zuen, eta beste zenbait hildako -tartean haurrak- eragin zituzten hainbat aireko eraso egin zituen operazio militar handiagoa izango omen denaren hasiera gisa. Israelek aitortutako asmoaz harago, bi aste barru Mahmud Abbas Aginte Palestinarreko presidenteak NBEra Palestina estatu gisa onartua izateko eztabaida eramango duela kontuan izanda, asmo politiko argia sumatzen da erasootan. Eta badira kontuan izateko beste bi faktore gutxienez, Israelgo hauteskundeen hurbiltasuna, Tel Aviven jokaera baretzeko aproposena ez dena, eta Palestinako fakzioen jarrera.

Israelen erasoaldiak eragin dituen erreakzioen artean, Mendebaldetik atera zirenak hipokrisiaren erakusgarri argia dira, ohi bezala. Izan ere, Londresek moderaziora deitu zituen bi aldeak; Pentagonoak, berriz, Israelek bere burua defenditzeko eskubidea aldarrikatu zuen. Erasoa Palestinatik abiatzen denean, ordea, ñabardurarik gabeko gaitzespenik sendoena adierazi ohi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo