GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Etxebizitza eskubidea

Etxe duin batean bizitzea da eskubidea, ez etxe baten jabe izatea. Sistema osoa da aldatu beharrekoa eta orain ezin gara pozik eta trankil gelditu zenbait neurri populista eta momentuko hartuko omen dituztelako

Urteak eta urteak dira etxebizitza eskubidea aldarrikatzen ari dela eta urteak dira espainiar Estatuak bere oinarrizko lege esparrua urratzeari ekiten diola batere lotsa barik. Denok dakigu Konstituzioak eskubide hori jasotzen duela, baina artikulu zehatzera bagoaz, jasotzeaz gain, hainbat zehaztapen ere markatzen ditu, hala nola botere publikoen zeregina dela, hain zuzen ere, eskubide hori bermatzea eta, horretaz gain, lurra espekulaziotik salbu mantentzea. «Los poderes públicos promoverán las condiciones necesarias y establecerán las normas pertinentes para hacer efectivo este derecho, regulando la utilización del suelo de acuerdo con el interés general para impedir la especulación». Ez da makala.

Konstituzio horretan aipatzen diren botere «publiko» espainol horiek ez dira aldatuko. Urteetan egin duten berbera egiten jarraituko dute, hau da, beste esparru guztietan egiten duten bezala, herritarren eskubideak zapaldu negozioa babesteko eta bultzatzeko. Etxebizitzaren kasuan, banka eta eraikuntza enpresa handiak. Baina ez pentsa PP-PSOE ententea baino ez dela, gure herrian ere jende gehien etxetik bota duen Kutxabank EAJren proiektu kuttuna da, eraikuntza arloan Amenabar gailendu zen bezala. Gogoratzen dut zelan esan ohi zen hortik zehar krisialdia baino lehen: «No es que Amenabar sea del PNV, es que el PNV es de Amenabar».

Etxebizitza eskubidea izatetik, bi sektore enpresarial hauen eskuetan dagoen ondare espekulatibo izatera pasatu zen eta, hortaz, guretzat, eskubidetik luxu izatera. Botere publiko horiexek bideratu zuten sistema osoa eraikuntza berrietara, etxe hutsak biderkatzen ziren bitartean, eta erosketara, alokairu aukera gero eta murritzago -eta, hau ere gero eta garestiago- bihurtzen zuten bitartean. Emaitza: etxebizitzen «jabetza birtuala». Euritik babesten gaituen tetxua ez da gurea, bankuarena baizik. Eta orain, langabezia jaun eta jabe denean, landunen baldintzak eta soldatak egunetik egunera kaskartzen ari direnean eta babes sozial batere barik uzten gaituztenean, orduantxe azaltzen dira bere laztasun osoz birtualitate horren ondorio basatiak.

Horren aurrean, PP eta PSOE hor dabiltza, ea zelan lasaitu ahal duten jendearen haserrea. Hor dabiltza, ea ze petatxu legal asmatzen duten denboralditxo batean aurrera tiratzen jarraitzeko. Kosmetika hutsa. Zer lortzen da moratoria batekin? Urtebete edo urte bi barru berdinetan egotea, ala? Eta, era berean, zer lortzen da dación en pago delakoarekin? Eta uler nazazue, ez da gutxi zorrak gainetik kentzea, jakina, baina etxebizitzaren arazoa ez du horrek konpontzen: edozelan ere, etxe barik, hainbat urteren buruan hipotekaturik egon ostean, askotan prezioa ordainduta eta ondo ordainduta edukita ere.

Etxe duin batean bizitzea da eskubidea, ez etxe baten jabe izatea. Sistema osoa da aldatu beharrekoa eta orain ezin gara pozik eta trankil gelditu zenbait neurri populista eta momentuko hartuko omen dituztelako. Mobilizazio eta haserre soziala ezin da baretu ogi apur batzuk bota dizkigutelako. Benetako borrokak hortxe dirau eta hau bataila txiki bat baino ez da izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo