Adierazpen askatasunaren aldeko ekitaldiekin bat egingo du Donostiak
GARA | DONOSTIA
Idazle Espetxeratuen Nazioarteko Eguna ospatuko dute gaur Donostian. Munduan zehar adierazpen askatasunaren alde egiten diren ekitaldiekin bat egiteko, Euskal Pen Klubak eta Ataramiñe kultur elkarteak bi ekintza prestatu dituzte.
Batetik, 18.00etatik 19.00etara ekintza sinboliko bat, «Letrak Giltzapetik», egingo dute Bulebarrean munduan zehar beren adierazpen askatasunean trabak jasan izan dituztenen alde. Bestetik, ekintza horren ostean, mahai-inguru bat egingo da San Jeronimo kaleko Udal Liburutegiko sotoan «Espetxeaz eta sorkuntzaz bi hitz» lelopean.
Bestalde, PEN Internationalek aurten bost idazle izango ditu gogoan, jasan duten errepresioa ezagutaraziz. Londresko bulegoko Idazle Espetxeratuen Batzordeak hautatutako kasuak Iran, Filipinak, Mexiko, Turkia eta Etiopiako bost idazlerenak dira. Horietatik lauk espetxe zigorra bete dute edo betetzen ari dira, pentsatzen dutena plazaratzeagatik. Mexikarra, ordea, hil egin zuten ustelkeriaren inguruan idatzi zituen lanengatik.