GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Euskal diasporan egun askoz txikiagoa da herrimina; orain emigrazioa hautu bat da»

p020_f01_97x180.jpg

AdelaIde Daraspe
Historian Doktoregaia

Urruñarra sortzez, Adelaide Daraspe Historia ikasketak egin ondoren Masterra egitera Quebecera joan zen 2006an. Montrealeko Euskal Etxeko presidentea da 2009tik eta mundu mailako Euskal Etxeen Sareko koordinatzaile izendatua izan da. Euskal janariaren eta nortasunaren arteko lotura aztertzen duen tesia aurkeztuko du 2013an ikuspegi historiko eta antropologikotik.

Idoia ERASO | URRUÑA

Alternatiba Feminista baten Aldeko elkarteak (PAF frantsesez) Baionan urtero antolatzen duen unibertsitate herrikoian aurten familiari buruzko gogoeta egingo dute, lotura biologikoaz harago, familiaren kontzeptua landuz. Adelaide Daraspek bihar hartuko du parte, «Euskal diaspora: nortasun berdineko familia bat dea?» hitzaldia eskainiz.

Zer da euskal familia?

Familiaren kontzeptua aski zabala da, hitzaldian familia zentzu ezberdinetan hartuko dut. Familia etxean, hau da gurasoak, haurrak eta abar... Baita euskal kultura edo munduaren familia ere. Gauza batzuk berdin dira jende euskaldun guztientzat, eta hori da denak garelako euskaldun sentitzen, euskara ez dakitenak ere bai; eta hori diasporan inportantea da, hemen baino gehiago. Atzerrian direnez, Euskal Herriarekiko sentimendu handiagoa dute; orduan benetan sentitzen dira euskaldun, esaten dute eta harro dira.

Zentzu orokor horretan euskaldun guztiak familia berean sartzen ahal dira, baina gero badira desberdintasun anitz eta sakonak. Eguneroko bizitza eramateko moduan aldatzen da. Ipar Amerikan, adibidez, eguerdiko edo arratseko bazkaria elgarrekin egitea ez da denentzat normala; eta euskaldun batzuek Euskal Herriko modua atxikitzen dute, eta besteek, ez. Askotan euskaldun izatearen parte handi bat galtzen da, ez baita mahai inguruko komunikazio hori izaten.

Nortasun bakarreko familia al da euskal diaspora?

Nire ustez ez da familia homogeneoa. Euskal Herritik askotan diaspora ikusten dugu zerbait homogeneoa balitz bezala. Pentsatzen dugu arras ongi dela nola atxikitzen duten euskal kultura hain urrun izanda, kontuan izan gabe zeintzuk diren desberdintasun guztiak. Egia da euskaldun anitz direla eta indar izugarriak egiten direla euskal kultura eta batzuetan hizkuntza ere atxikitzeko, baina egia da ere ez dugula zinez ezagutzen.

Bidaiatzen dugunean eta Euskal Etxe batera ailegatzean bitxi egiten ahal da ikustea pertsona batek edo bik bakarrik hitz egiten dutela euskaraz, kultura gutxi ezagutzen dutela eta bizi direla mundu pixka bat imajinatu batean. Aldi berean, Euskal Etxe batzuk ez dira hainbeste interesatzen soilik euskal dantza, pilota eta folkloreaz. Adibidez, Londreseko Euskal Etxean badaude konferentzia izugarriak, kontzertuak, eta abar..., baita Berlinen eta Bartzelonan ere, haien programak begiratzeak balio du, oraingo Euskal Herriko errealitatea biziarazi nahi dute atzerrian, zinez dibertsoak dira.

Nolakoa da diasporarekin harremana?

Ikusi behar da nola atxikitzen diren harremanak eta zer den familia bat bi kontinenteren artean banandua izatea, zer lotura sortzen diren. Orain badago Internet, baina nola egiten zen lehenago? Badago gauza bat asko aipatzen dena diasporari buruz: herrimina. Hori egia zen XIX. eta XX. mendearen lehen erdian, baina orain askoz gutxiago da. Adibidez Montrealeko Euskal Etxeko guztiak bi urtetik behin bederen etortzen dira eta beste herri batean bizitzeko hautua egin dute.

Badago ezberdintasun handi bat kontuan hartzekoa: emigrazioaren arrazoia. Batzuk errefuxiatuak izan dira, beste batzuk behartuak izan dira herria uztera; eta horiek min handia bizi izan dute. Baina orain gehienak joan dira bizi esperientzia baten bila, bizi maila hobetzeko, ikasketak edo ikerketak egitera... Horren arabera, Euskal Herriarekiko lotura eta nola bizi duten euskal familia ezberdina da.

Euskal gizartea ezaguna da familiak duen garrantziarengatik. Diasporan atxikitzen da?

Bai, baina zein herritara joaten zaren araberakoa ere bada. Ipar Amerikako euskal familia batzuetan bigarren belaunaldian euskal kulturaren lotura galtzen ikusi dut. Pertsona batzuekin hitz egin dut eta gizon batek esaten zidan lagun artean zela amerikarrekin eta berak etxera afaltzera joan behar zela esaten zuenean besteek galdetzen ziotela zergatik joaten zen, horretan ze garrantzi zegoen. Berak ezberdintasun seinale bat bezala bizi zuen, eta berarentzat horrek du atxiki bere euskalduntasuna, bere familiak. Baina gero aipatu behar da Halloween eta Thanksgiving pozik ospatuko dutela.

Lehengo kultura atxikitzen da berria integratuz.

Hori da, baina uste dut lehengo balioak ez direla galtzen. Beste batzuk gehitzen direnean gauzak konplikatzen ahal dira oso ezberdinak badira. Liberalismo amerikarra eta euskal kultura funtsez ez dira oso hurbilekoak; hori norberak nola kudeatzen duen, horren araberakoa da.

 

euskal etxeak

«Euskal Etxe batzuetan Euskal Herriko errealitatea biziarazi nahi dute atzerrian, beste batzuetan aldiz euskal dantza, pilota eta folklorea dira lantzen»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo