Julen MURGOITIO
Ezkerraldea alde bietan
Aldaketak datoz mundura, nor den herriak badaki... Bada, bai, sinestu ez arren, halaxe da. Egia... nik ikusi dudalako. Nork eta Bizkaiak. Nor eta Gipuzkoa. Zer eta aurrea hartu. Nondik eta ezkerretik. Bada, bai, esaldi bakarrean esanda: Bizkaiak aurrea hartu dio Gipuzkoari ezkerretik. Hara! Edo, nahi izanez gero: Bizkaiak atzean utzi du Gipuzkoa, ezkerretik aurrea hartuta. Ama, ama! Urteetan landutako nire eskema guztiak hutsean geratu dira aitaren batean. Gipuzkoa ezinbesteko erreferentzia gorria zelakoan eta, hara!, ahoa bete esneko hortz utzi nau Bizkaiak. Tira, Bilbaok, hobeto esanda; hiriburuaz nago orain. Horixe bai eskuilatzea, Bizkaiako Aldundiak Gipuzkoakoari egin berri diona, ezkerretik egin ere; zer ikusirik ez beheko Estatuko sozialistek Catalunyako Estatut zenari egindako harekin! Goian bego! Ezelan ere ez, ezta hurrik eman ere! Bizkaiko aldunditik dator notizia, ezkerreko bidetik dela hori hasia, jenio biziz dabil hango nagusia, aberatsak jezteko titia ikusia. Izan ere, denbora eman du horko diputatu nagusiak herrialdeko behiek esne gehiagorik ematen ez zutela esaka; nonbait behi berriak edo lehendik zirenetan titi berriak aurkitu ditu Aldundiko maizterrak. Gauzak horrela, hurrengo urratsa Durangaldeko hiltegiaren aldeko apustua hartu lezake.
Total, Bizkaiko Aldundiak ezkerrera egin du, orain arteko Ezkerraldea herrialde osora zabalduta. Akabo ezkerraldea Ibaizabalentzat! Aurrerantzean itsasadarrak ezkerraldea izango du bere eskuinaldean ere. Gizajoa, ohituko da denboraz! Ene, ene! Zer egingo ote zukeen Bizkaiak Gipuzkoa ondoan eduki izan ez balu? Batek daki! Atez atekoa indarrean ipini akaso?. Ez ninduke harrituko Bizkaiko A8 zatiko norantza norabidez aldatuko balu Aldundiak. Hamaika ikusteko jaioak gara, gero! Telebistaz nago orain. Txinako Alderdi Komunistaren Komite Zentralak Bilbo hautatu lezake bere zerga politikaren gaineko hurrengo gailurra lekutzeko. Munduko aberats guztiak, kezkatu zaitezte! ...aldaketak datoz mundura nor den herriak badaki... Oro Bilbora ala... Baina ez da abian den aldaketa bakarra, ez horixe! Ertzaintzak esana du babestu egingo dituela etxe husteetan laguntzeari uko egingo dioten ertzainak. Imajinatzen nago hurrengo urratsa, babestu ere manifetan egurra emateari uko egingo diotenak. Eta Elizak ere desjabetzeen aurka! Legean sakoneko erreformak eskatzen! Umm... susmo susmagarriak!