GARA > Idatzia > Mundua

Ia 50 ume hil dira Egipton izandako autobus istripuan

Trafiko eta tren istripuak ohikoak dira Egipton, baina atzoko tragediaren parekoak oso gutxi: 50 hildako, gehienak 4 eta 8 urte arteko haurrak.

GARA | KAIRO

Mohamed Mursi Egiptoko presidenteak atzo goizean izandako autobus istripuaren inguruko ikerketa berehala egingo dutela agindu zuen, tragediaren balantzea 50 hildakora iritsi eta berehala -4 eta 8 urte bitarteko ikasleak horietako 47-. Assiut Egipto hegoaldeko probintzian gertatu zen ezbeharra, ikasleak zeramatzan autobusak trenbide pasagunea igaro zuenean: tren baten aurka egin zuen talka, oraindik argitu ez diren arrazoiengatik. Yehia Keshk Assiuteko gobernadoreak «Al Ahram» egunkariari jakinarazi zionez, autobus istripuak 50 hildako eta 18 zauritu eragin zituen, horietako 7 oso larri.

Egiptoarrek telebistaz ikusi ahal izan zuten hitzaldian, Mursi presidenteak aurreratu zuen biktimen senideek kalte-ordainak jasoko dituztela. Fiskaltzaren esku utzi zuen gertatutakoaren ikerketa.

Rashad al Metini Garraio ministroak kargua uztea erabaki zuen istripuaren berri izan bezain pronto. Lehentxeago gauza bera egin zuen Mustafa Qanaui Trenbideetako Enpresa Nazionaleko buruak.

Barne Ministerioak emandako informazioaren arabera, autobusean 60 ikasle zihoazen istripua gertatu zen momentuan. Hildakoen artean hiru heldu ageri dira: autobus gidaria eta umeen bi zaindari.

MENA berri agentziak iragarri zuen Hisham Qandil lehen ministroa Manfalout herrira joan zela, istripua gertatu zen herrira alegia. Berarekin batera joan ziren Osasun eta Hezkuntza ministroak ere.

Abdel-Megid Mahmoud fiskalburuak Garraio ministroa, Trenbideetako Enpresa Nazionaleko burua eta trenbide pasaguneko zaintzailea ikertzeko agindu zuen.

Lo hartuta, nor?

Egiptoko hedabideek gertatutakoaren bertsio kontrajarriak eskaini zituzten atzo arratsaldean. «Al Masry al Youm» egunkariari segurtasun indarretako iturri batek esan zionez, trenbide pasaguneko zaintzailea atxilotu egin dute barrera garaiz ez ixteagatik. Bertsio horren arabera, pasagunea zabalik zegoelako autobus gidariak aurrera egitea erabaki zuen, istripua eraginez. Yehia Keshk gobernadoreak datu bat erantsi zuen: zaintzailea lo zegoelako zegoen zabalik pasagunea.

Trenbideetako Enpresa Nazionalaren bertsioa ez dator bat segurtasun indarrek eskainitakoarekin. Azken horren arabera, barrera jaitsita zegoen baina gidariak ez zuen autobusa gelditu, lo hartu zuelako.

«Al Ahram» egunkariari Usama Seddik lekukoak esandakoaren arabera, tren gidaria zegoen lo autobusa pasagunetik pasatzen ari zenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo