Aro berria ireki nahi du Topaguneak euskararen normalizazioan
Euskararen aldeko 96 elkartek osatutako Topagunea federazioak bere bigarren kongresua ospatu zuen atzo Bilbon, azken hiru urteotan burutu duen hausnarketa prozesuari amaiera emateko. Kongresuan, 30 urteko zikloari amaiera eman eta beste hiru hamarkadetarako ziklo berriari ekin nahi izan diote euskaltzaleek. Bide horretan, norbanako, gizarte eragile, herri erakunde eta instituzioen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute.
Mikel PASTOR |
Euskaren aldeko 96 elkarte biltzen dituen Topagunea federazioak hiru urte luzeko hausnarketa prozesuari amaiera eman zion atzo Bilboko Euskalduna jauregian ospatutako bere bigarren kongresuan, «Federaziotik Mugimendura» lelopean. Atzo bukatu zen hiru urteko hausnarketa prozesu horren baitan, mugimenduaren beraren antolakuntza, finantziazioa, barne komunikazioa eta jardunari lotutako gaiak landu dituzte Euskal Herriko elkarte anitzek. Atzo eman zitzaion amaiera zikloari, Topagunearen zuzendaritzak aurkeztutako ponentziak eta ondorioak bertaratutakoek bozkatu zituztenean.
Bozketa egin eta gero, ekitaldi publikoa egin zuen Topaguneak, euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkari nabarmenen presentziarekin. Han egon ziren, besteak beste, Idoia Mendia behin-behineko Lakuako Gobernuko bozeramailea, Josune Aristondo Bizkaiko Aldundiko Kultura kontseilaria edo Paul Bilbao Kontseiluko presidentea.
Lankidetzarako aukerak
Goizeko protagonista nagusia, halere, Mikel Irizar izan zen, Topaguneko presidentea eta atzo bozkatutako ponentziak lantzearen arduradunetako bat. Irizarrek argitu bezala, euskararen normalizazio prozesuan «30 urteko ziklo bat amaitu egin da, eta beste bati ekiten diogu». Zeintzuk dira aldaketaren zergatiak? «Euskararen arloan izandako lorpenetatik harago, goia jo izanaren sentsazioa ere utzi duelako hiru hamarkadotako ibilbideak», Irizarren hitzetan.
Zikloaren agorpen eta higadura horrek, jasotzen ari garen krisi ekonomikoari lotuta, paradigma aldaketa eskatzen du, Irizarren ustetan: «Krisiak ziklo berri bati indartsu ekiteko beharra ekarri du. Horretaz gain, ziklo berri honetan eragin handia izango du Euskal Herrian zabaldutako aro politiko berriak, lankidetzarako aukera handiak zabaltzen dituelako herri erakunde eta gizarte eragileen artean, iraganeko botere-kontrabotere dialektika gaindituz».
Ziklo berri honi dagokionez, «hezurdura plangintza potentea» izatea proposatu zuen atzo Topaguneak. Estruktura horren giharra «euskalgintza berriak» osatuko luke, «gizartean eta erakundeetan ondo txertatua eta bi esparruen arteko lankidetza sustatuko duena». Normalizazioaren gorputzak, ordea, bihotza beharko du funtzionatzeko, eta ardura hori «euskal hiztunari» eman dio Topaguneak. Hiztunak «ahalmenduna, jantzia, antolatua eta ekintzailea» izan beharko luke, «euskara bizipozez biziko duena, agoniatik urrun».
Topagunea ziko berriaren aurrean «gertu eta gogotsu» dagoela adierazi zuen Irizarrek azkenik, eta euskaltzale, gizarte eragile eta erakundeak animatu zituen elkarlanean jarduteko: «Txepetxek etorkizuna eskatzen zuen gure iraganarentzat, eta azpimarratu nahi dugu indarrak batzea eta elkarlana gakoak direla euskarari etorkizuna emateko».
Topaguneak 30 urteko zikloari amaiera eman zion atzo ofizialki Bilbon. «Euskararen normalizazioan goia jo izanaren sentsazioaren» ondorioz hartutako erabakia izan dela nabarmendu zuen.
Prozesu berriaren hezurdura «plangintza potentea» izango da, giharra «euskalgintza berri bat» eta bihotza «euskal hiztuna». Euskaltzale, gizarte eragile eta erakundeen lankidetza aktiboan oinarrituko da.