«Birziklatze olatua» Gipuzkoa osora zabaltzea espero dute Orendainen
Zero Zabor programa bat martxan duen Euskal Herriko lehen herria bihurtu zen atzo Orendain. Tolosaldeko herrixkako auzokideek egitasmoari emandako erantzuna «oso ona» izan dela nabarmendu dute Udaletik.
GARA | DONOSTIA
Euskal Herrian Zero Zabor programa bat aplikatzen duen lehendabiziko herria bihurtu zen atzo Orendain. Hemendik aurrera, hondakin organiko guztiak gestionatuko dituzte Udaletik.
Tolosaldean kokatua, 200 bat biztanle dituen herri txiki honetako auzokideek lasaitasunez hartu dute aldaketa, Gorka Egiak, herriko alkateak, nabarmendu bezala: «Hasieratik, etxez etxe egin genuen proiektuaren aurkezpena, eta, beraz, jendea hasieratik ondo informatuta izan dugu, eta aldaketa ez da hain bortitza izango».
Halere, horrelako aldaketa batek beti dakartza berarekin kezka eta beldur anitz: «Harrera ona izan da, ez da kontrako jarrerarik egon. Auzokoek gustura hartu dute birziklatzeko proiektu berria. Noski, kezkak eta beldurrak egon badaude, baina norberaren ahalmenarekin daukate zerikusia, ez ereduarekin» adierazi zion GARAri Egiak.
Hamar frakzio birziklatzeko
Eredu berriarekin, zabor mota guztiak birziklatzeko aukera zabaltzen da. Hondakinak, konpostajearen bidez, herriko ortu eta zelaietan erabili dira tratatu eta gero.
Zaborra hamar frakziotan banatzen da, eta metodologia berriarekin, denak sailkatzeko eta birziklatzeko aukera zabaltzen da. Olioa, arropa eta beira udaletxe alboan kokatutako edukiontzietan utzi ahal izango dira.
Beste zazpi frakzioak, ostera, Birziklagune deitutako egurrezko etxoletan gordeko dira. Etxola bakoitza hainbat familiak erabiliko du; horretarako, familia bakoitzak egurrezko etxetxoaren giltza propioa izango du.
Orotara, bost izango dira Birziklaguneak hartuko dituen frakzioak: papera, ontzi arinak, Garbiguneko materialak, haur-oihalak eta errefusa deiturikoa. Azken frakzioa, hondakin organikoak, alegia, etxe bakoitzak gestionatu beharko du era propioan.
Zero Zabor ereduak, noski, nolabaiteko kontrola behar du. Orain artean herritarren %75ek birziklatzen zuten, baina aurrerantzean derrigorrezkoa izango da: «Auzokideek birziklatzen dutela kontrolatzeko, errefusari so egingo diogu. Ondo badauka, egoki egingo duela ikusiko du. Gaizki badauka, ordea, birziklatzen ez duela agerian geratuko da».
Zero Zabor eredu hau, «birziklatzearen olatua», laster batean Tolosaldeko eta Gipuzkoako herri guztietara zabaltzea espero dute Orendaineko udal arduradunek.