GARA > Idatzia > Kultura

NARRAZIOA ETA POESIA

Lau ipuin eta beste horrenbeste olerki naiz kantu

p054_f03.jpg

Ainara MAIA

Txistua. Kide fidela, zenbat laguntzen didazun ene bakarminean! Berriro zapalduko ez dudan ametsetako lurralde horretako sustraia zatoz nirekin beti. Urretxindorrak ezin diolako kantatu azaroan izate oso baten errebelamendua den herri triste baten minari, idatzi zituen lau ipuin horiek Sunti Amilibiak Espainiako gerra zibilean gertatua kontatzeko, eta ni, urretxindorra ez banaiz ere, azaroan nator lau ipuin horien berri ematera, haizea hotz txistuka izan dadin memoriaren eta maitasunaren hedatzaile.

27 gau oinez ibili eta 27 egun beldurrak jota eman eta gero, zaildurik Euskal Herriko udazkeneko hotzak, eguzkiak, zurdak, haizeteak... goizegi azaldu ziren zimurrak 30 urteko mutil gazte haien aurpegietan, eta gerrako hotsak eta hotzikarak heldu zaizkit, lehenengo pertsonan ezagutu eta sufritu ez dudana neure eginez, malkoren bat edo beste isuriz. Edozein ekintzatan bezala, ihesaldiak kontatzen dira, gerratik eta heriotzatik ihesi, arnasestuka batzuetan, eta bestetzuetan arnasa ere eten zait. %10 inspirazioa eta %90 transpirazioa izan zirenen erritmora irakurri ditut lau ipuinok.

Zoroak ez dira izaten inoiz leloak. Amona zaharregia zen negar egiteko eta alferrik zen atsedena bilatzea ia agorturik zegoen iturriaren ondoan. Idazle eta narratzaile ona zen Sunti, eta urretxindor bikaina Shanti. Basoko zarata guztiak hain ondo imitatzen zituen, txoriek ere nahasirik itaundu egiten baitzioten. Deia sentitu zuen Gerardok eta hurbildu egin zen. Urretxindorrak ez dik kantatzen azaroan, baina nik, ordea, azaro honetan pasatutako hura oroitarazi nahi dut haizearen txistuaren bidez justizia heda dadin.

Ahantz ez zedin, idatzi egin behar izan zuen Sunti Amilibiak erbestean aberriko mina. Paper orriak, hutsik aukera anitzez, iman batek bezala erakarri zuen. Gramatika arau guztiak hautsiz, narrazioak indarra hartu zuen, eta apurka-apurka geroago eta indar handiagoa eta lilurapen gehiago sortzen dute lau ipuinok.

Amets gorria kantua entzunez, Gose taldea etorri zait. Oroimenari hesiak jarriz, kapitalismoa besarkatuz dena demokrazia baten alde, arraza bereko erregearen alde. Bizitza eman zuten haien borroka guztia, hildako guztiak, azkenik etsaien eskutik jateko? Ahazteko eskatu ziguten, eta ahaztu genuen. Iruzur egin ziguten, frankista guztiak jada demokrata zirela uste arazi ziguten...?

Maisuaren hilotzetik jaio ziren askatasunaren kimu berriak adar artean. Bizitza eta heriotza bereiztu gabe azaleratzen den maitasun berri baten jabe askatasunaren banderak badu kolorerik, zoriontasunez, adorez, margotzen da. Txistu maitearen sentiberatasuna besteengan eta neuregan ernatu da. Pasatako dena pasa da, eta inori zaio axola. Jan, edan eta lo, belarra jan, ardoa edan eta ondo lo egin; amets gorria, hilotzez beteta, hilotzez taupada. Zenbat malko eta odol, isuri ote zen? Isiltasun hautsia, ispilu apurtuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo