GARA > Idatzia > Kultura

Oholtza gaineko 25 urteak ospatzeko diskoa dakarkigute Pirritxek eta Porrotxek

«Sentitu, pentsatu, ekin!» disko berezian Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Donostiako Orfeoi Txikiaren laguntza izan dute. Bertan, 25 urte hauetako kantarik arrakastatsuenak bildu dituzte Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek. Takolok ere parte hartu du diskoan.

p052_f02_149x105.jpg

GARA | LASARTE

Pirritx eta Porrotx pailazo ezagunek 25 urte bete dituzte oholtza gainean, eta, hori ospatzeko, «Sentitu, pentsatu, ekin!» disko eta ikuskizun berria prestatu dute, urte amaieran martxan jarriko dutena.

Diskoan azken mende laurdenean egindako abesti arrakastatsuenak bildu dituzte pailazo ezagunek, baina berezitasun batekin: Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Donostiako Orfeoi Txikiaren laguntza izan dute urteurrena behar bezala janzteko.

Katxiporretatik esan dutenez, aurtengoa ez da urte arrunta izaten ari Pirritx, Porrotx eta Marimototsentzat: «Urte berezia da aurtengoa. Jada 25 urte igaro dira sudur gorriak eta zapata handiak jantzi eta herriz herri euskara eta alaitasuna zabaltzen hasi zirenetik. Urte hauetan guztietan, taldearen kultur emaria oso zabala izan da. Ugariak dira hainbat elkarterekin egindako elkarlanak ere. Horregatik, 25 urteko jarduna eta bizitako abenturak ospatzeko disko sinfonikoa grabatu dute pailazoek, urte hauetan guztietan egindako abestien artean aukeratutakoekin osatua».

«Maite zaitut»

Diskoan dago, adibidez, «Maite zaitut» arrakastatsua. Etxeko txikienek ez ezik, gaztetxoek ere oso gustuko duten abestia da. Izan ere, euskal dantzaleku eta tabernetako abestirik entzunenetakoa izan da azken urteotan.

Abesti horri esker pailazoak are ospetsuagoak egin ziren, eta, nolabait, fenomeno sozial ere bilakatu ziren. Kanta Katalunian ere ezaguna egin zen katalanez egindako bertsioari esker; ez hori bakarrik, Pirritx, Porrotx eta Marimotots eredu hartuta, Pitx, Potx i Maricuetes pailazo katalanak ere jaio ziren.

Diskoan Donostiako piraten abordatzerako egindako kanta ere badago. Hain zuzen ere, Su Ta Gar taldeko Aitor Gorosabelen ahotsarekin grabatu dute kanta hori. Gainontzeko abestietan ere, betiere koloretako mundua eta bizi poza ardatz hartuta, kultura minorizatuen eta berdintasunaren aldeko aldarriak nabarmentzen dira.

Ikuskizun berrian taldearen 25 urteak ospatzeaz gain, amona Josefinaren urtebetetzea ere ospatuko dute. Izan ere, 100 urte beteko ditu amonak, eta Pirritxek, Porrotxek, Marimototsek, Pupuk, Lorek eta bertaratzen diren laguntxoek amona zorionduko dute. Pailazo taldearen proiektu berrian betiko lagunek hartu dute parte. Horrenbestez, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen alboan, besteak beste, hasierako urteetan taldeko kide izan zen Agustin Mujika Takolo pailazoaren laguntza edota Xabier Zabala konposatzailearena izan dute.

EMANALDIAK

Atzo Lasarteko Vila Mirentxun aurkeztu zuten disko berria eta lehen emanaldien zerrenda ere eman zuten ezagutzera. Hala, datorren larunbatean Eskoriatzan izango dira, eta, abenduaren 16an, Hondarribiko Hondartza kiroldegian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo