Noticias de gipuzkoa | Maddalen Iriarte, 2012/11/22
Madame Lebranchu
Alderdi politiko eta erakundeekiko desafekzioa agerian geratzen ari da gero eta nabarmenago gure inguruan, eta bi jarrera ikusten ditut horren aurrean alderdi eta ordezkari politikoen aldetik: arduraz hartzen dutenena, herritarren nahi eta batez ere euren bozen bidez haien aginduetara heltzeko ahalegina egiten dutenena, eta bestetik, herriarentzat baina herririk gabe funtzionatzen dutenena. Herria, botoa ematen duen une horretara arte da interesgarria eta hortik aurrera, molestia bat da, herria ezjakina da, ez da enteratzen zer nahi duen... Tira, egunero desagertzea nahi luketen zerbait da plebe ignorantea.
Antzeko zerbait pentsatuko zuen Marylise Lebranchu Frantziako deszentralizazio ministroak urriaren 11an gauza bat esan eta herenegun bestea esan zuenean, alegia ez dela Ipar Euskal Herriko egitura instituzionalik onartuko, ezinezkoa dela eta ez duela posible ikusten.
Gauzak argitzeko: posible da, ez da ezinezkoa eta batez ere Ipar Euskal Herriko alderdi politiko eta gizarte eragile guztiek bat egin dute, ados jarri dira hori posible izateko. Beste gauza bat da ez nahi izatea.
Zer gertatu den iritzi batetik besterako tartean? Frantziako Barne ministroak, Valls jaunak, bazterrak nahastu dituela eta Lebranchuk obeditu. Lebranchu andreak, emandako hitzaren ostean atzera egin baino lehen dimititu egin behar zuen edo aurre egin Vallsi. Zer gertatu da orain Ipar Euskal Herriko hautetsi, alderdi politiko, auzapez, eta eragile sozialen artean? Engainua egozten diotela, ezin onartzeko jarreratzat jotzen dutela Lebranchurena.
Ordezkari politiko baten aldetik engainua ez da oso bide egokia, zabalduegia dago hori bai, baina sinesgarritasuna galtzen du eta gainera herritarrak gero eta gehiago aurre egiteko prest agertzen dira.
Larunbatean bilduko da Baionan hautetsien kontseilua eta izango dugu albiste gehiago, nolanahi ere egitura instituzionala lortzeko lanean jarraitzeko asmoa erakutsi dute guztiek, Madame Lebranchuren adierazpenen aurrean.