Ainhoa Beola, Maite Barreña eta Carmen Garcia | Euskal Herria Bildu
Patriarkatuaren aurrean, feminismoa eta ekitatea
Emakumeen eskubideen aldeko eta gure jendartean ekitatea erdiesteko eguneroko borrokan, gaurkoa ez da beste egun bat gehiago emakumeontzat eta feministontzat.
Aurten, bost emakume hil dituzte Euskal Herrian, eta milaka dira indarkeria pairatu behar izan duten emakumeak. Premiazkoa da indarkeria sexistarekin harremana duten kasuak eta salaketak egunerokotasunetik desagerraraztea. Jai- zein jolas-esparruetan gure askatasuna baldintzatzen duten jazarpen eta gehiegikeria sexistek hor jarraitzen dute. Halaber, kezkagarriak dira lan-esparruan jazarpen sexistari buruz dauden datuak. Sexu ezberdineko pertsonen arteko botere harremanak eta gazte belaunaldien artean agertzen diren balio patriarkalak gero eta gehiago dira, eta, aldi berean, gazte askok beren kideen aurka indarkeria erabiltzen duten desberdintasun harremanak sortzen dira.
Azaroaren 25 honetan, Euskal Herria Bildu osatzen dugun emakumeok eta gizonok matxismoak bortxatu egiten gaituela salatu behar dugu, eta kapitalismo patriarkalak emakumeak are gehiago bortxatzen gaituela azpimarratu behar dugu; izan ere, eskubide sozialen galera honetan emakumeak gara indarkeriarik handiena pairatzen ari garenak. Hori dela eta, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egun honetan, Euskal Herria feminista eta ekitatibo baten aldeko gure aldarrikapenak inoiz baino ozenago entzun behar dira, hori eraiki ezean ezinezkoa izango baitzaigu egiazko demokrazia erdiestea.
Gogora ekarri nahi dugu emakumeen kontrako indarkeria ez dela bakarrik bikotearen baitan gertatzen dena, nahiz eta hori izan legez onartua den bakarra. Indarkeriak forma asko ditu (fisikoa, sexuala, psikologikoa...), eta gure aurka erabilia da ekonomian, kulturan eta lege arloan, emakumeak izateagatik. Gure gorputzen aurkako, gure sexualitatearen aurkako, jarduteko gure askatasunaren aurkako, gure pentsamenduaren aurkako eta gure erabakitzeko gaitasunaren aurkako indarkeria kaleetan, etxeetan edota lar arloan dago.
Sistema patriarkal-kapitalistak gizonen eta emakumeen artean inposatu dituen desberdintasun harremanetan dago indarkeria horren oinarria. Horregatik, indarkeria sexistaren kontrako borrokak eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasun harremanak lortzearen aldeko borrokak elkarrekin joan behar dutela uste dugu. Berdintasunaren alde borroka egitea da indarkeria sexista amaiarazteko modurik eraginkorrena. Era horretara, gizonen eta emakumeen arteko harremanetarako eredu berri bat eraikitzea aldarrikatzen dugu Euskal Herria Bildutik, eta eredu horren oinarriak izan beharko dira ekitatea eta gizonen eta emakumeen arteko egiazko berdintasun eraginkorra.
Sistema kapitalista eta patriarkalaren egiturazko indarkeriaren alternatiba izango den garapen soziala lehenetsiko duena. Hala, Euskal Herri demokratikoa eta librea eraikitzeko premia aitortzen dugu, eta hori ezingo da eraiki emakumeen kontrako indarkeria dagoen bitartean.
Berdintasuna oinarri duen hezkuntzarako gure konpromisoa hartzen dugu, pertsonaren duintasuna eta erabakitzeko askatasunetik abiatuta, arlo afektibo-sexualean, zaintza partekatuan eta harreman horizontaletan. Zaintzaren ardura jendarte osoarena dela nabarmendu nahi dugu, emakume eta gizon guztiona, eta lan hori ikusarazia, aitortua eta ordaindua izan behar dela. Eta guk ere zainduak izateko eskubidea daukagula. Bizitza erdimuinean jarriko duen garapen ereduaren alde egiten dugu, bizitza bere osotasunean bizitzeko bizia, indarkeriarik gabe eta askatasunean.
Atzo, gaur eta bihar, guk, emakume feminista euskal herritarrak, borroka feministarekin daukagun konpromisoa berresten dugu, indarkeriarik gabeko jendarte demokratiko eta burujabea eraikitzeko bide eta tresna gisa. Era berean, azaroaren 25erako mugimendu feministak deitu dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diogu jendarte osoari.