Julen MURGOITIO
Lurralde-geometria aldakorra
Politikaren eremuetan, batzuetan lugorri, ohiko bihurtzen ari den geometria aldakorra zabaltzen dabil geografiak hartzen dituen lurraldeetara ere, zerk zer baldintzatzen duen aparteko gogoeta soziologikoa mereziko balu ere. Horra! lurralde-geometria aldakorra! Nago ni, jesarrita orain, longitudea eta latitudea gero eta gehiago ari zaizkiola neurria ematen Euskal Herriari, barne-mugak lausotuz eta kanpo-mugak permeabilizatuz. Ebroko nabarretik Aturriko urdinera, Pirinioetako arroka gorritik pasatuz, eta Ezkako berdetik Aguerako berdera, hiriburuetako grisetik pasatuta ere, euskal mapa egitu- ratzen ari da. Batzuetan hezur gehiago mamia baino, alderantzizkoan besteetan, baina edozelan ere hezurmamitzen. Orratzak nora begira guztiak barne hartzen dituen seinale.
Akabo dira orain arteko hainbat mito! Mendebaleko Bizkaiak ezkerretik aurreratu du bere ekialdeko Gipuzkoa. Horregatik, beharbada, sindikaturen batek gustu gehiago hartu dio pankarta azken lurralde honetako Diputazio-Etxearen aurrean zabaltzeari lurralde hartako Diputazio-Jauregiaren aurrean egiteari baino. Ez dakit, baina ez dut uste aldaketa horren arrazoia klimatikoa izan daitekeenik, haize kontua ez bada sikiera. Dena dela, protestaren geometria aldakorra. Tira, harira! Euskadi Irratia Gipuzkoarako omen da, Radio Euskadi Bizkairako ei den bezala. Irratia-radioa longitudearen arabera sintonizatzen den adibide. Uhinen geometria aldakorra. Eta hor konpon! «Horkonponbidea», edo. Susmoa daukat aurrerantzean lurralde traidoreak hegoko Araba eta guztien ekialdeko Nafarroa izango direla, garai hartako Bizkaia eta Gipuzkoa kosta bazterrekoak gaindituz. Ikusi-makusi.
Baina Iparra da inoiz baino gehiago gaurko orratzaren begirakoa. Latitudea, edo. Aiete izan, euroagindua izan, abiadura handiko tren demontre hori izan, lurralde-elkargoa izan, laborantza izan... hara denak batera kalera! Nahasian batak eta besteak pankarta beraren atzean; nork bere xingola, bai, baina nork bere lepotik bederen! Mitoko hegoan ezinezkoa dena ahalezkoa da beste muturreko mitoko iparrean. Han nahasiak ontzi berean, hemen bereiziak; nonbait, atez atekoa nagusi bilakatu da hegoan, hegoko eremu politikoan behinik behin; batzuentzat lugorri.