GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hautetsien gehiengoa, estatutu bereziko Lurralde Elkargoaren alde

Hiru urteko prozesuaren ondotik, Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak Ipar Euskal Herriko gobernantzari buruzko eztabaidari amaiera eman zioten atzo; hautetsiek Estatu Bereziko Lurralde Elkargoaren alde egin dute apustu. Parlamentari sozialistak barne, hiru lurraldeetako ordezkaritza politiko zabala bildu zen atzo Hautetsien Kontseiluko batzar nagusian. Atzoko bozkaren ondotik, ministroen erranak baztertu, eta erantzun ofiziala eskatu zioten Parisi.

p018_f01_250x104.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Garrantzitsutzat jo zuten atzoko bilera Jean-Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko buruak eta Jean-Baptiste Etxeto Garapen Kontseilukoak. «Lurraldeak dagoeneko boz bakar batez hitz egiten du», adierazi zuen Etxetok. Izan ere, hiru urtez Ipar Euskal Herriaren gobernantzarako alternatiba hoberenaz hausnartu ondoren, eta gizarte eragileek Garapen Kontseiluaren baitan Lurralde Elkargoaren alde egin ondoren, hautetsien iritzia eskas zen.

Atzo, Hautetsien Kontseiluak egindako biltzar nagusian erabaki argia hartu zen. Bertan bilduak ziren 41 hautetsietatik 38k «zortzi eskumen gehigarri izanen lituzkeen departamendu mailako Estatutu bereziko Lurralde Elkargo» baten alde bozkatu zuten.

Hala, formula horrek honakoa baimenduko luke: departamenduari doakion eskumenekin, zortzi eskumen gehiago lortzeko aukera ematen duen estatutu berezi bat, hauteskunde eredu bat, eta politika publikoak finkatzeko gizarte zibilarekin adosteko gune baten sorrera.

Hain zuzen, egitura berri horrek bereganatuko lituzkeen eskumen gehigarriak zortzi esparrutakoak dira: garapen ekonomikoa eta laborantza, garraioa eta etxebizitza, kultura eta euskara, eta turismoa eta mugaz gaindiko kooperazioa.

Halaber, proiektua gauzatu ahal izateko Hautetsien Kontseiluak beste bi erabaki hartu zituen atzo. Frantses Estatuan abiatua den Deszentralizazioaren III. Aktaren baitan, gobernuarekin batera egitura horren sorrera lagunduko lukeen hausnarketa prozesu eta ekimen guztietan lan egiteko borondatea berretsi zuten, alde batetik.

Bestetik, Lurralde Elkargo horren proiektua gizarteratzeko, gizarte zibilari eta egitura publikoei erabaki hori ezagutaraztea erabaki zuten. Horrenbestez, herri elkargoetan egin dituzten bileren bitartez gizarteratze prozesua abian jarria dutela jakinarazi zuen Jean Jacques Lasserrek. «Gure eskaerari indarra eman nahi izan diogu. Ez da da ezagupen eskaera baten adierazpen soila, eskumenak, alde juridikoa eta finantzarioa ere aztertuak dira».

Erantzun ofizialaren beha

Hautetsien zein Garapen Kontseiluko buruek argi utzi zuten duela gutxi frantses Barne ministroak eta Deszentralizazio ministroak egindako adierazpenak baztertu nahi izan zituztela, bozketari lehentasuna emateko. «Ez dugu oraindik erantzun ofizialik ukan. Gobernutik hurbil diren parlamentariei dagokie beren ardurak hartzea», ohartarazi zuten.

Atzoko erabakia Manuel Valls Barne ministro eta Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministro eta Jean-Marc Ayrault lehen ministroari bidaliko diete. Mozioa Erregiora eta Departamendura ere bidaliko dute.

Ezagutza eza

Frantses Barne eta Deszentralizazio ministroen esanak «lurralde honetaz duten ezagutza eskasari» egotzi zizkion Lasserrek, Jakobinismoaren ondorioak zirela esanez. Barne ministroak «bortizkeriaz» egindako nahasmena ere salatu zuen.

«La puerta de Lebranchu no está para nada cerrada»

Pese a que la asamblea de ayer no reunió al conjunto de los miembros del Consejo de los electos, mostró a buena parte del amplio espectro político de Ipar Euskal Herria. Las parlamentarias socialistas Sylviane Alaux y Colette Capdevielle, y la senadora y portavoz del actual Ejecutivo francés, Frédérique Espagnac, expresaron su satisfacción con el voto de ayer. Espagnac subrayó que «era importante que se mostrara hoy (ayer) unanimidad» en los electos. Capdevielle insistió por su parte que la «puerta de la ministra Marylise Lebranchu no está para nada cerrada». Estuvieron asimismo presentes Jean Grenet y Max Brisson, por la UMP, y el parlamentario centrista Jean Lassalle. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo