GARA > Idatzia > Ekonomia

Burujabetzan oinarritutako nekazaritza politika aldarrikatu du EHNEk Iruñean

Traktorez eta ganaduz lagundurik, euskal nekazari eta abeltzainek manifestazioa egin zuten atzo Iruñean. Europako Nekazaritza Politika Bateratuaren erreformaren aurka agertu ziren eta sektoreari ezarritako murrizketak salatu zituzten EHNEk deitutako mobilizazioan.

p026_f01.jpg

GARA | IRUÑEA

Nekazari eta abeltzainen aldarrikapenen lekuko izan zen atzo Iruñea. EHNE sindikatuak deituta, ehunka baserritar irten ziren manifestazioan Europako Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) erreformaren aurka eta burujabetza oinarri izango duen bestelako politika bat posible dela defendatzera.

Traktoreak, zaldiak, idiak eta artalde bat aurretik zutela egin zuten ibilbidea nekazariek. «Bidezko nekazaritza politiko baten alde» lemapean, sektoreak gaur egun bizi duen egoerarekiko kezka adierazi zuten. Ignacio Gil EHNEko kideak adierazi zuenez, NPBk eta honek jasandako erreforma ezberdinek ondorio larriak ekarri dizkiote sektoreari. Nafarroan esaterako, 3.000 nekazari inguru galdu ditu sektoreak eta 2014an indarrean sartuko den NPB berriak arazoa areagotuko duela uste du sindikatuak.

Gilen esanetan, egun indarrean dagoen nekazaritza politika merkatura bideratuta dago eta lehengaiak espekulaziorako tresna bezala baino ez ditu ulertzen. Ildo horretan, «Stop espekulazioari» zioten pankartak ere ikus zitezkeen atzoko mobilizazioan. EHNE sindikatuaren ustez, NPBk ez ditu nekazarientzako errenta duinak sortzen, ezta kontsumitzaileentzako prezio justuak ere.

Horregatik, nekazaritza politika aldatzea guztiz beharrezkoa dela ohartarazi zuen Gilek. Politika berri hori burujabetzan oinarritzea proposatzen du EHNEk. «Herri bakoitzak bere elikadura segurtasuna mantentzeko eta bertako ekoizpena mantendu ahal izateko bere erabaki propioak hartzeko aukera izan behar du», aldarrikatu zuen.

Murrizketak

Bestalde, Hego Euskal Herriko instituzioek nekazaritza sektorean ezarritako murrizketak salatu zituzten. Horrela, sektore honetara bideratzen dituzten aurrekontuek nekazari eta abeltzainen lanak aurrera jarraitzea zailtzen duela baieztatu zuten.

Hortaz, dei egin zieten administrazio autonomikoei, ministerioei eta europar agintariei nekazaritzaren biziraupena eta burujabetza eskubidea bermatuko dituen politika ezartzera.

gainbeheran

EHNE sindikatuak dioenaren arabera, azken urteetan nabarmen jaitsi da nekazari kopurua Nafarroan. Zehazki, 2003an 8.000 nekazari inguru zeuden eta 2012an 5.000 baino gutxiago daude ofizialki erroldatuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo