Kirmen Uriberen «Mussche» nobelaren irakurraldia, Kafe Antzokian
GARA | BILBO
Kirmen Uribek «Mussche» bere nobela berria ofizialki aurkeztu aurretik, Euskal Herriko zenbait tokitan publiko aurrean irakurraldiak egiten ari da, eleberriaren nondik norakoen berri emanez.
Joan den astean Iruñeko Auzolan liburu dendan solasaldia egin zuen eta Juan Kruz Lakastarekin hitz egindakoak Euskalerria irratiaren bidez lurralde osoan entzun ahal izan ziren. Oraingo honetan Bilboko Kafe Antzokian eskainiko du literatura emanaldia.
Bertan, Ander Lipus eta Miren Gaztañagarekin batera, Uribek «Mussche» liburuko zenbait pasarte irakurriko ditu. Irakurraldia asteazkenean izango da 20.00etatik aurrera, eta sarrera doakoa da.
Nobela berria gerra garaian ihesi joan behar izan zuten haurren berri izan zuen idazle belgikar bati buruzkoa da.