NARRATIBA
Best-seller bai, baina...
Leire ZUBELDIA
Praga. Jan Voget poliziaren taldeak emakume baten gorpua aurkitu du laku baten ondoan. Emakumeak lepoa moztua du, abitu txuri bat darama jantzita, eta bi begiak falta zaizkio. Handik gutxira bigarren emakume bat agertzen da hilda. Kasu honetan kiskalita du gorpua, baina honek ere abitu txuria darama gainean, eta gorputzeko beste atal bat falta zaio: hortzak. Zalantzarik ez dago. Serieko hiltzaile bat da bi hilketen egilea. Jan Vogeten taldea norabide finkorik gabe ikertzen ari den bitartean, kriminologiari buruzko blog batek Alemanian agertutako hirugarren gorpu baten berria zabaltzen du. Hirugarren emakume honek ere abitu txuria darama jantzita eta bularra falta du. Anna da poliziari aurre hartu dion blogaria. Bere aldetik ikertzen hasiko da.
Horra hor nobelako protagonistetako bi: Jan eta Ana. Liburuaren erdi paretik aurrera ordea, beste pertsonaia bat agertzen da: Fran. Ikerketa lanetara batuko den hirugarren laguna. Lehenengoak pisu nabarmena du hasieran, baina istorioak aurrera egin ahala, azken bi pertsonaiek erabateko garrantzia hartuko dute. Dena den, protagonista nagusiok ikerketaren azaleko testuinguruan ezagutuko ditugu. Izan ere, egilea ez da pertsonaien bizitzaz hitz egiteko geratzen. Istorioaren ildo nagusitik at, Janen droga-menpekotasunaz eta honen arrazoiaz arituko zaigu soilik. Badira pertsonaia gehiago ere, baina ez noa horiek aipatzera, ez baita komeni irakurleari gauza gehiegi aurretik kontatzea.
Ohiko best-seller baten ezaugarriak dituen nobela baten aurrean gaude. Nabari da Joseba Lozanok liburu salduenen osagaiekin osatu nahi izan duela bere lehenengo eleberria. Hirugarren orrian agertzen da lehenengo hilotza, eta 68. orrirako irakurlea beste bi hilketen jakitun da. Kapituluak oso motzak dira, eta horietariko bakoitzaren amaieran misterioa areagotzen duen gertakari bat jazotzen da, hurrengo kapituluarekin kate-begi lana eginez. Ekintza ugariko nobela da, bizia, azkarra, idazkera zuzenez, zorrotzez, kontatua. Ahots narratzailea orojakilea da, eta fokua aldatzen du pertsonaia batetik bestera, komenigarritasunaren arabera. Baina…
Beti dago «baina»-ren bat. Noan aitortzera ez naizela best-seller zalea, eta eleberri honek zaletasun ezaren arrazoiak baieztatu dizkit: ekintzak ez dio literaturari lekurik uzten, misterioa sortzeko formulak bertsuak izaten dira beti, eta erlijioaren gaiarekin lotutakoak askotan, kasu honetan bezala. Bestalde, pertsonaiak ez dira garatzen. Era berean, irakurlea harrapatzeko sortutako misterioa era sinesgarrian argitzea zailegi suertatzen zaio egileari eta bidezidorren bat hartu behar izaten du. Eta eleberriaren azken orria, azken hitza irakurtzean, irakurlea, ni behintzat, hasieran bezala geratzen da. Ez da ezer aldatzen irakurlearentzat. Ez dago ez gogoetarik, ez sentimendurik, ez inolako eraginik. Baina….
Beti dago bainaren bat. Euskarak ere behar ditu best- seller-ak. Hor doakizue bat zaleak zaretenontzat. “Argiaren erreinua”.