GARA > Idatzia > Euskal Herria

EH Bilduk Euskararen Akordio Nazional berria aldarrikatu du

Loreak eta hutsuneak, ospakizunak eta mobilizazioak, baita aldarrikapenak ere; denetarik egon zen Euskararen Legearen 30. urteurrenean. Gasteizko Legebiltzarrak 1982an onartutako legea euskararen arloan dagoen «oinarrizko adostasunaren giltzarri nagusietako bat» dela nabarmendu zuen Lakuako Gobernuak. EH Bilduk, aldiz, Euskararen Akordio Nazionala adosteko proposamena egin zuen, bertako hizkuntza Euskal Herri osoan ofiziala izan dadin.

p022_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Donostiako Miramar jauregian egindako ospakizunean, Blanca Urgell Lakuako Kultura sailburuak eta 1982an Euskararen Legearen eztabaidan parte hartu zuten politikari batzuek lege honen baliagarritasuna baieztatu eta «arrakastaren giltza norabide horri eustea» dela agertzen zuten bitartean, Euskal Herrian Euskaraz-ek antolatutako mobilizazioetan izan ziren hainbat herritar. Arratsalde erdian Gasteizen egindako giza kate jendetsua izan zen astean zehar egindako ekimenei txapela jarri ziena. Andra Maria Zuriaren plazatik Legebiltzarrerako bidea egin zuten, «Euskaraz bizi gaitezen, aska ditzagun kateak» leloarekin.

Ehunka lagun batu ziren Arrasaten, Errenterian, Ordizian, Beasainen, Gernikan, Durangon, Zarautzen, Zornotzan, Donostian eta Portugaleten, «bertatik bertara eta kanpo esku hartzerik gabe erabakitako hizkuntza politika burujabea aldarrikatzeko Euskal Herri osorako». Elkarte honen iritziz, Kontseiluaren Hizkuntza Politika Eragingarria bada hori lortzeko tresna egokia. Eta euskaldunok gure egunerokoan euskaraz bizitzearen aldeko hautua praktikatzen eta hedatzen segitu behar dugu, ezinbestez.

Euskaraz bizi nahia erakusteaz gain, egungo baldintza soziolinguistikoetan hizkuntza honen erabilerak goia jo duela ere argi eta ozen erran zuen Euskal Herrian Euskaraz-ek. Baina, azpimarratu zuenez, euskal hiztunen kopuruak nabarmen gora egin behar du oraindik normalizazioan urrats sendoak egiteko. Zentzu horretan, euskararen erabilerarako esparruak sortu eta indartzea ezinbestekotzat jotzen dute. «Espabilatu behar dugu etxean, lanean, jolasean, tristuran eta pozean. Harrotasunez euskaraz bizi nahi dugula erakutsiko dugu han eta hemen. `Eta ezetz! Ez garela espaloitik jaitsiko' esan edota ikusaraziko diogu hala eskatzen, iradokitzen edota inposatzen digunari. Eta hori guri dagokigu, gure esku dagoela ulertu eta sinetsi behar dugu. Aukera pertsonalak sortzea eta elkarrekin agerian uztea lortu behar dugu».

Finean, asmo on eta hitz arranditsuen atzean, 30 urteren buruan euskaldunok zerbitzu oinarrizkoenak ere norbere hizkuntzan jasotzeko ezintasuna, euskaraz bizitzeko debekua bizi dugula ohartarazi zuen.

Ofizialtasun osoa xede

«Diskurtso ofizialetan euskarak urte hauetan egin duen bidea goraipatu» arren, errealitateak bestelako aurpegia erakusten duela agertu zuen EH Bilduk ere. Garbiñe Zurutuzak eta Jokin Melidak hartu zuten hitza, Karmele Aierbe eta Xabi Vazquez ondoan zituztela.

«Euskara normalizaziotik urruti dago eta egun oraindik arriskuan dago», ziurtatu zuten. Ez zuten ukatu azken urteetan lan handia egin dutela «denen artean»: «Erakunde publikoek eta euskararen gizarte erakundeek eta euskaltzaleek lan eskerga egin dute azken hamarkadetan. Galbidean zegoen hizkuntza amildegitik atera dugu. Gaur egun, euskarak sekula bereak izan ez dituen esparruak eskuratu ditu, transmisioa bermatuta dago, kultur produkzioa egonkortu egin da...».

Baina errealitatea «egoskorra» dela erantsi zuten: «Osasuntsu egotetik urrun gaude, eta azken hiru hamarkadetan garatutako hizkuntza politika berdinekin jarraituz gero, euskara ez da normalizatuko». Datuak eman zituzten baieztapen hori azaltzeko. Jakinarazi zutenez, euskal herritarren %84k erdara (gaztelania ala frantsesa) dute hizkuntza nagusi edo bakarra. Gipuzkoarren %39k erabiltzen dute euskara; Bizkaian %12,8k; %4,3k Araban; %5,5ek Nafarroan eta %9,6k Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan. Unescok %33tik beherako erabilera duten hizkuntzak galtzeko arriskuan daudela adierazia duela kontuan hartuta, Gipuzkoan kenduta, gainerako lurraldeetan marra gorriaren hagitz azpitiko erabilera du bertako hizkuntzak, eta horrek arriskuan jartzen du.

Datu horiek argi erakusten dute, EH Bilduren ustez, orain arteko hizkuntza politiken garapenak ez duela balio izan «euskaldun eleanitzez osatutako Euskal Herri euskalduna berreskuratzeko». Beren garapena erakundeetako ordezkarien borondatearen araberakoa izan dela eta kasu gehiegitan intentsitate gutxiko politikak izan direla kritikatu zuten koalizio abertzaleko bozeramaileek. «Oro har, euskararen egoera minorizatuak ito egiten ditu ahalegin normalizagarri horiek, oztopoak bultzadak baino handiagoak direlako».

Hortaz, hizkuntza politika «eraginkorragoa» bultzatu nahi dutela erran zuten, euskara euskal herritarren hizkuntza «normalizatua» izateko. Horretarako, ezinbesteko ikusten dute hizkuntza politika «berria, lehentasunezkoa eta burujabea» bideratzea eta euskarari «estatus juridiko egokia» ematea.

Norabide horretan, Euskararen Akordio Nazionala adosteko proposamena egin zuten, euskara Euskal Herri osoan ofiziala izateko helburuarekin.

Lehendakariaren adierazpenak

Euskararen Legeari esker, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hizkuntza honek «inoiz bizi izan duen garapenik handiena» izan duela defendatzen du Patxi Lopez lehendakariak Euskararen Legearen edizio bereziaren hitzaurrean. Edizio hori Miramarreko ospakizunean aurkeztu zuen atzo Lakuako Gobernuak, lau hizkuntzatan (euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa).

Legearen eztabaidan parte hartu zuen hainbat politikarik lagunduta egin zuen ekitaldia. Han izan ziren Pedro Miguel Etxenike, Jose Antonio Maturana, Inmaculada Boneta, Jose Luis Lizundia eta Alfredo Marco Tabar. Horietako bakoitzak legearen sorrerari, garapenari eta bilakaerari buruzko hausnarketa partekatu zuen. Aukera egokia ikusi zuten legea berriro irakurtzeko, 1982an aurreikusitako lerro nagusiak noraino garatu diren ikusteko, alde batetik, eta oraindik beren ibilbidea agortu ez dutenek zer nolako etorkizuna izan dezaketen guztien artean aztertu eta adosteko, bertzetik. Gogoeta hori egiten du Lopezek legearen edizio bereziaren aitzin-solasean.

Bertan erraten du orain dela 30 urte euskararen berreskuratze prozesua eta normalizazioa ulertzeko ikuspuntu anitz zeudela elkarrekin lehian, baina azkenean legea «gehiengo sendo batek onetsi» zuela. Orain, ez du zalantzarik legeak babes zabalagoa duela politikarien zein herritarren aldetik.

«Legeak, finean, hizkuntzaren inguruko hausnarketen azpian dagoen oinarrizko adostasuna elikatzen jarraitu du, eta hori testu labur bezain mamitsu haren dohain ukaezinetako bat da».

Begi guztiek ez dute berdin ikusten, ordea. Euskal Herrian Euskaraz-en iritziz, «mendekotasunean oinarritutako» 30 urte izan dira, «arrotzek inposatutako mugak nekez urratu ditugun» 30 urte; «ipar egokirik gabeko» 30 urte izan dira, finean, elkarte honentzat Euskararen Legearen gerizan igarotakoak. Lege honen eskutik eman diren pausoak ukatu gabe, anitz dira eragile honentzat hutsune eta gabeziak. Azpimarragarriena, oraindik ere, XXI. mendean, ezin euskaraz bizi ahal izatea.

1982ko eztabaida

Lakuako Gobernuak Miramar jauregian egindako ospakizunean, 1982an legea eztabaidatu zuten politikariak bildu ziren: Pedro Miguel Etxenike, Jose Antonio Maturana, Inmaculada Boneta, Jose Luis Lizundia eta Alfredo Marco Tabar

Balkoiak oihalez jantzita, euskaraz bizitzeko nahia adierazteko

Euskaraz bizitzeko nahia hainbat formatutan adierazteko deialdia egin zuen Kontseiluak kazetari, musikari, elkarteetako kide, soziolinguista eta Irrien Lagunekin egindako agerraldian. Paul Bilbao idazkari nagusiak, abenduaren 1eko manifestazioan eginen duten bezala, abenduaren 3an izanen den Euskararen Egunean ere balkoietan oihalak zintzilikatzera animatu zituen herritarrak.

Sare sozialetarako eskaera ere egin zuen. 140 karakteretan, Twitterren luzatutako honako galderari erantzuteko eskatu zien guztiei: «Zer da zuretzat euskaraz bizitzea?». #euskarazbizinahidut hitz gakoa erabiltzea proposatu zuen, heldu den astean eta bereziki ostiralean euskaraz bizitzeko nahia sarean gai nagusia izatea nahiko luketelako, eta, jakina, abenduaren 1ean deiadar horrekin Donostiako kaleak bete ere bai. Manifestazio honi atxikimendua eman zioten, hain zuzen, atzo Gipuzkoako hiriburuan bildutako lagunek: Joxe Juan Ugalde irrati esataria, Esne Beltzako Xabi Solano, Petra Elser Banaiz Bagarako kidea, Esaiteko Martxel Toledo, Urko Aristi kazetaria, Kide Amonarriz soziolinguista eta telebistako aurkezlea, eta Martinber eta Largabista Irrien Lagunak. Mikel Aranburuk, Julio Ibarrak, Maddalen Iriartek eta Ilaski Serranok ere bat egin zuten mobilizazioarekin, eta EH Bilduk eta Euskal Herrian Euskaraz-ek.

«Gaur hemen bildu garenok gure lan jarduna euskaraz egiten dugu, euskaraz bizi nahi baitugu. Aitzitik, gure bizitza ez da horretara mugatzen eta gure egunerokoan, zoritxarrez, nahiz eta gure bizitzako arlo guztietan euskaraz egin nahi izan, ez da beti hori posible izaten», adierazi zuen Ugaldek. Hori aldatzeko beren hondar-alea jarri nahi dute manifestazioan. GARA

administrazioan

EH Bilduk «Udal, Foru eta Administrazio orokorrak, Hezkuntza, Osasungintza, Polizia, Estatuaren administrazioa eta Justizia euskalduntzea» planteatu zuen, bertzeak bertze, normalizaziorako

sendo eta ausart

«Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Legebiltzarrean gehiengo abertzalea ei dago berriro. Bada, igar dadila. Erabaki eta neurri sendo eta ausartak hartzeko garaia da», aldarrikatu zuen Euskal Herrian Euskaraz-ek

eremuak sortu

«Euskaldunok oztopo gabe euskaraz lasai jarduteko lekuak behar ditugu. Euskararen eremuak sortu eta hedatu behar dira. Euskaraz biziko badira, euskaraz biziko bagara, euskara biziko bada», erran zuen Kontseiluak

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo