Teknologiaz eta jolasez baliatuz, euskara ikasteko bideak on-line
Xare azokaren azken egunean publiko helduagoa izan arren, jolasei buruz hitz egiteko parada izan zen. Izan ere, hitz jolasak haurrek eta helduek erabiltzeko aproposak dira. Internet bidez alor honetan eman diren aurrerapausoen berri eman zuen Maite Goñi irakasleak.
N.B. | DONOSTIA
Xare euskal kultura digitalaren azokak atzo itxi zituen ateak teknologia berriei bi egun oso eskaini ostean. Kursaaleko aretoak bete dituen azoka «ez ofizial» honek jada gure esku ditugun tresnak ezagutzeko aukera eman digu, baita hurrengo edizioei begira hobetu daitezkeen gauzez jabetzeko ere.
Ostiralean gaztetxoak aritu ziren begien aurrean zutena bereganatu nahian; atzo, berriz, helduak ziren nagusi. Ez zen hainbeste jende gerturatu, baina izan zirenak gogotsu zebiltzan hitzaldiz itzaldi. Euskaljakintzako kide Maite Goñiri egokitu zitzaion horietako batean jendaurrean azalpenak ematea.
Irakaslea denez, ohituta dago gazte eta haurrekin lan egitera, eta teknologia berriak erabili ohi ditu askotan. Horrez gain, euskararen erabilpena sustatzeko ahaleginak egiten ditu beti. Xare azoka alor horretan eman dituen pausoak ezagutzera emateko erabili zuen.
Ikasleei ondo pasatuz hizkuntza aberatsagoa izaten laguntzen dien hiru joko jarri ditu martxan, munduan ezagunak diren hitz-jolasetan oinarrituak.
Lehena «Apalabrados» da, smartphone gailuei esker hain famatua egin den aplikazioa. Goñi eta bere lantaldea konturatu ziren euskarazko aukerarik ez zegoela eta euren burua eskaini zuten lan hori burutzeko. Honi esker, egun joko honetara euskaraz jostatu gaitezke. «Jokatzen ari garela konturatzen gara hitz asko falta direla, eta pixkanaka gehiago gehitzen goaz. Zaila da deklinabide kasu guztiak kontuan hartu behar direlako», azaldu zuen Goñik. Hala eta guztiz ere, bertsio berritua izango da datozen hilabeteetan. «Joko honi esker euskaraz jokatzen diren beste batzuk ezagutzen ditugu», gehitu zuen.
Hitz jokoek duten beste abantaila bat da haurrek, dakizkiten hitzekin, eta helduek, lexiko osatuagoarekin, berdin gozatu eta ikas dezaketela. «Hitzapasa» jolasean definizioak emanez letrez osatutako zirkulua amaitu behar da, letra bakoitzarekin hitz bat asmatuz.
«Gaurko hitza», ordea, egunero hitz baten azalpena idazten duten blog batean oinarrituta dago. Azalpen bat ematen da lau erantzunekin eta hitz egokia aukeratzean datza.
Azken bi jolas horiek badute euren erronka; egun joko pertsonalak lortzeko beraiek prestatu behar dituzte. Goñi eta bere taldea aplikazio batean ari dira lanean, etorkizunean erabiltzaileek beraiek euren joko propioak osatzeko gai izateko.
«Apalabrados» sakelako telefonoetan eta Facebook-en dago eskuragarri. «Hitzapasa» eta «Gaurko hitza», ordea, Euskaljakintza.com webgunean. Creative Commons lizentzia dutenez, norenak diren adieraztea nahikoa da partekatu ahal izateko.