Ane Ayestaran, Esti Amenabarro | Amasa-Villabona
Pello Zelarain, oharkabeko bahiketa politikoaren kronika
Lerrok idazten ari garenean, espainiar Estatuaren eremuan botere desberdinek, legea (eurena, noski) ulertzeko eta interpretatzeko isileko borroka baten ondorioak pairatzen ari da gure herrikide, senide, lagun Pello Zelarain, euskal preso politikoa; bere egoera ezagutzera eman nahi genuke kontakizuna luzea bada ere, modu laburrean gaiak duen larritasuna zuei helarazteko atrebentzia izan dugu.
Otoi, lerrook irakurtzen ari zaretenok egin kasu: uztailetik gaude Pellok etxean izan behar duela entzuten, baina egikaritzen ez den errealitate maltzurrak Pello espetxean mantentzen du, Villabonatik 1.400 kilometrora, 65 urte betetzear, espetxe baldintza oso gogorretan. Gaude, borroka juridiko soila zena, borroka politikoa bihurtu dela. Eta bistan denez, etxean zain dagoenari hau luze egiten zaio.
Eta, noski, gu zain gaude eta ez gaude inolaz ere prest egoera hau onartzeko. Pello Zelarain euskal presoak, espetxean egonik ere eskubidedun dela jakitun denbora zeraman, zegozkion zenbait eskubide (hots, erredentzioak) eskatzen; bai Zaintza Epaitegi Zentralak, baita Espetxe Zuzendaritzak ere, gero ukatu egin badizkio ere, Auzitegi Nazionaleko I. Salak arrazoia duela aitortu zion Pellori 2012ko uztailean; hau da, bere espetxealdia aintzat hartuta, bere eskaera, erredentzio zehatz batzuena, onartu behar zitzaiola.
Gauzak honela, Pelloren askatasuna berehalakoa izan zitekeen aukera ireki zen. Villabonako herria alai zegoen, jaiak zirela, hainbeste maite duen Pello 26 urteren ondoren gure artean izango genuelakoan. Maiteren alboan geunden denok, pozik, alai, behingoan Pellok merezi duelako bere senide eta lagunen alboan izatea. Baina laster zapuztu zen gure nahia, Estatuak bere bizi arteko zigorra egikaritzeko tresna denak martxan baititu, eta oraingoan zera asmatu zuten: arrazoia izanik ere, Espetxe Zuzendaritzak ez duela hori beteko, dagozkion erredentzio guztiak eman nahi ez dizkiolako; beraz, Auzitegi Nazionalak Pellori arrazoia emanik ere, ez dela askatua izango berehalakoan, ez daudelako hainbat gauza argi. Askatasuna eskaini dion berak askatasuna ukatu. Espainiar Estatuaren izaera maltzur eta ankerraren aurpegi berria. Herri bezala historikoki suntsitu nahi izan gaituenaren, argudio juridiko epel eta gezurtiak, beste behin, militante politiko bat aske ez uzteko.
Pello ez dago, ordea, etsitzeko. Bizitza osoan borrokan jardun ondoren, arrazoia bere alde dagoen uste irmoarekin, arrazoia eman eta kendu dienengana zuzendu da. Zientzia fikzioa dirudien arren, beste behin Auzitegi Nazionalak arrazoia ematen dio Pellori, baietz, berak eskatzen dituen erredentzioak dagozkiola eta bete egin behar dela ebazpen hori. Baina Pellok espetxean dirau oraindik, bere ziegaren bakardadean, kalean bere ilobekin jolasean behar lukeenean.
Galdera asko sortzen zaizkigun arren, bakarra egingo dugu: espainiar Estatuan botere banaketa hain goraipatua denean, nola da posible, arlo juridikoan gorenetakoa den epaitegi baten epaia Espetxe Zuzendaritzak ezbaian jartzea? Eurek aho bero demokra- ziaren printzipioak hainbestetan aldarrikatzen dituztenean.
Bi arrazoi garbi daude, bata gezurtiak dira (hori bagenekien). Bigarrenik, Herri honen historian adibide andana egonik ere, beste behin argi dago, Pello kalean ez badago, Josurekin gertatuak oso argi adierazi digun moduan, bulegoetan hartzen diren erabaki politikoak lehenesten direlako dela. Pello espetxean daukate, berari arrazoia emanik ere, euren mendeku goseak ez duelako amaierarik. Gure herriak hartu duen norabide politikoa oztopatzea da uneotan espainiar Estatuaren helburu behinena eta hori zapuzteko helburua beren egin dutenez, Pello espetxean mantendu behar dute. Zertarako? ziurrenik zerbait baldintzatzeko helburua jarri diotelako bere buruari. Egin kasu, Pello asko daude, baina bizi arteko zigorra txikle baten modukoa da haientzat, haien maltzurkeriaren norainokoa agertzen duena, baina beti zerbait baldintzatzeko, oztopatzeko, zer eta Herri honek jada hartua duen norabidea; esan dezagun, atzerabiderik ez duena, gainera. Baina nekeza suertatzen zaie euren buruetan sartzea. Halakoak dira, mendeak daramatzagu hau ikusten.
Gure helburua argia da, Pello Villabonara ekartzea, bere espazio fisiko naturalera, beti egon den lekura, urruti bada ere, berak hainbeste maite duen errebotea ikusi eta, zergatik ez, partida bat jokatzera. Villabona bere zain dago, baina ez burumakur. Pello maite dugu eta beti maiteko. Ez dugu arnasarik etengo bera etxera ekarri arte; bitartean, ostegunero Gurea zinema paretik bere etxe atariraino, isilean, bere askatasuna eskatzen jarraituko dugu. Muxu Pello, maite zaitugu!