Harri-jasotzea | Marka ahalegina
300 kiloko harriak itxaron egin beharko du oraindik
Inaxio Perurena bi aldiz ahalegindu zen harria bizkarrean berdintzen, baina bietan kale egin zuen.
Jon LEUNDA
Inaxio Perurenak ez zuen helburua lortu. Atzo Leitzako Amazabal pilotalekuan izandako saioan ez zuen 300 kiloko harri errektangularra bizkarrean berdindu, eta hiru bazkide dituen talde horretan sartu gabe jarraitu beharko du. Oraingoz, Saralegi, Iñaki Perurena eta Gibitegi dira 300 kiloko gaina gainditu duten kirolari bakarrak.
Jende asko batu zen atzo Leitzan Inaxioren ahalegina ikusteko asmoz, pilotalekuko harmailak bete egin baitziren. Denek nahi zuten Perurena gaztearen marka ikusi, baina leitzar gazteak ezin izan zuen bere ametsa bete, eta beste egun batean egin beharko du.
Aldagelatik atera zen unean txalo artean hartu zuten Inaxio. Bere anaia Xabier eta Gatzagako Tigrea zituen bere ondoan, baina bere anaia izan zen aholkurik gehien eman ziona. Harmailetan, berriz, bere aita, bai eta Mieltxo Saralegi eta Gibitegi ere, 300 kiloko zama hori gainditu duten hirurak, hain zuzen.
Perurena oso urduri zegoen atzo, eta plazara agertu bezain azkar nabaritu zitzaion. 300ekoari heldu aurretik, beste bi harri zeuzkan aurrean. Lehengo 200 kiloko errektangularrari heldu zion, baina bularrera jaso eta bota egin zuen. Gauzak ez zeuden nahi bezala, inon egon ezinik antzematen zitzaion.
Ondoren, bai, 200ekoari bi jasoaldi eman zizkion, eta ongi emandakoak, gainera. Nahiko gustura zirudien, nahiz eta urduritasuna oso agerikoa zen, egonezin ikaragarria antzematen baitzitzaion. Anaia bera lasaitzen saiatu zen arren, ez zuen lan erraza.
Horren ostean, 250 kiloko harriari heldu zion, eta honi jasoaldi on bat eman zion. Beraz, dena prest zegoen 300ekoari heltzeko. Gainerako harriak paretik kendu, eta 300ekoa jarri zioten. Horixe zen helburua; duela ia hiru urte lortu ez zuena egin nahi zuen, eta bere herritarren aurrean. Atzo, ordea, ez zuen horretarako eguna izan Inaxiok.
Bost minutuko txanda bat zeukan aurretik, 300 kiloko harri errektangularra bizkarrean berdintzeko. Epaileek txistua jo orduko heldu zion harriari. Gerrian buelta eman, gora bultzaka hasi, bularrera ekarri, eta hor geratu zen. Kolpe bat, bestea, bestea, baina harria lehengo lekuan, gora joan nahi ez, eta bota egin zuen. Lehen 17 segundoak alferrikakoak izan ziren. Ia beste bost minutu geratzen ziren, eta atsedentxo bat hartu nahi zuen beste ahalegin bat egiteko. Horrelakoetan behin huts eginez gero, bigarrengoan zaila izaten da, baina berak ahalegindu nahi zuen. Batera eta bestera zebilen plazan, urduritasuna astindu nahian, eta ondoan bere anaia bera lasaitu nahian. Tarte dezente utzi zuen, eta bost minutu betetzeko 30 segundo falta zirela heldu zion berriro harriari. Gerrira ekarri, han buelta eman, bularrera igo eta han berriro ere harria ezin mugitu. Bultza eta bultza, baina harriak ez zuen gora joan nahi, eta berriz ere bota egin behar izan zuen. Ez zegoen gehiagorako denborarik, eta Inaxiok bere asmoa lortu gabe amaitu behar izan zuen.
Hala ere, jendeak esker ona adierazi nahi izan zion, eta bere ahalegina amaitu zenean, sekulako txalo zaparrada entzun zuen. Beste batean beharko du, oraindik astia badu-eta.
Leitzar gaztea oso urduri plazaratu zen, urduritasunari eutsi ezinik. Oso agerikoa izan zen eta amaieran berak ere onartu zuen goizean horrela esnatu zela eta saioan zehar ere hanketan sekulako dardara zuela aritu zela lanean.
Inaxiok bi aldiz heldu zion 300ekoari, eta bietan harria bularreraino ekarri zuen. Hortxe geratu zitzaion, ordea. Ahalegina egin zuen arren, ezin izan zuen hortik aurrera eraman, eta bietan bota egin behar izan zuen.
Inaxiok ez zuen helburua bete, baina leitzar gaztea ez zegoen etsita. Triste bai, ez zuelako nahia bete, baina aurrera begira lanean jarraitzeko gogoz, hala ere. «Nik berdin jarraituko dut, lanean, eta 300ekoa jasotzeko prestatzen. Gaur ez dut lortu, baina aurrera begiratu behar da. Hau gerta zitekeela banekien, eta amaitu da. Orain non huts egin dudan ikusi behar dut, hori konpontzen saiatu, eta aurrera. Ez dago besterik», esan zuen Leitzako harri-jasotzaileak.
Oso urduri zegoela igartzen zen kanpotik, eta berak ere onartu zen. «Goizean jaiki eta segituan konturatu naiz nola nengoen. Hona etorri naiz, eta hankak dardarka sentitzen nituen, baita harriak jasotzerakoan ere», onartu zuen.
Harriarekin ze gertatu zitzaion ere esan zuen: «Esan bezala oso urduri nengoen, eta zaila zen ongi jasotzea. Bularreraino ekarri dut bi aldiz, gutxi falta zen, baina hortik gora kolpea eman eta eman, baina ez zen joaten», esan zuen. Aurrera begira garbi dauka berriro ere ahaleginduko dela. «Noiz ez dakit. Agian bihar proba egin eta jaso egingo dut, baina ez dakit noiz saiatuko naizen».
J.L.