GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

BODYBOARD

Alex Uranga, azken probarako gertu

Frantziako Finisterre lurmuturrean egin berri duten txapelketa irabazi ostean, 2012ko itzuliko azken proban lehiatzeko prest dagoela erakutsi du zumaiarrak.

p052_f03.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Alex Uranga zumaiarra goi mailako azken txapelketarako prestatzen ari da eta indartsu dagoela frogatu du gainera. Frantziako Finisterre kostaldean, Bresteko lurmutur batean sortzen den olatu arriskutsu batean lortu du bere azken garaipena.

2012 Annaëlle Challenge txapelketa berezia da. Hogei lehiakide lau txandatan banatzen dira eta ordu erdiko bi txanda egiten dituzte. Bi txanden ostean puntu gehien bildu dituzten lau lehiakideek lortzen dute finalerako pasea. Puntuazio sistema bitxia da; lehenak bost puntu jasotzen ditu, bigarrenak lau puntu... eta bosgarrenak puntu bakar bat.

Lehen eta bigarren postu batekin lortu zuen zumaiarrak finalerako pasea, eta txandak iraun zituen 45 minutuetan barruan duen onena atera ahal izan zuen.

Beñat Elosua donostiarra ere finalean zen, Reunion Irletako Yoan Florantin eta Yann Salaun bertako lehiakidearekin batera.

Harkaitz plataforma baten gainean lehertzen den bi norabideko urautsi batean egin zuten txapelketa. Bi metroko olatuekin egin zuten finala, ibilbide laburreko olatu indartsuetan.

Airekoak eta tuboak egin zituzten lau finalistek, eta azkenean Alex Urangak lortu zuen txapela. Bigarren postua Yoan Florantinek eskuratu zuen; hirugarrena, berriz, Yann Salaunek; eta laugarren postua Beñat Elosua donostiarrarentzat izan zen.

Abenduaren 7 eta 16 bitartean erabakiko da nor izango den aurtengo munduko txapelduna. Kanaria Handiko «El Fronton» eskuin olatuan izango da azken proba. Jeff Hubbard eta Dave Winchester dira titulua eskuratzeko aukera gehien dutenak.

Alex Uranga, 13. postuan dago Grand Slam Series (lehen maila) rankingean; beraz, itzuliko azken txapelketaren ostean ranking orokorreko lehen hamasei postuetako batean amaitzen badu, datorren urtean ere lehen mailan lehian arituko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo