Beste olatu artifizial bat aurkeztu dute
Britainia Handian sortu nahi duten olatu artifizial baten proiektua aurkeztu berri dute.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
«The Wave: Bristol» izena jarri diote egitekoak diren olatu artifizialari, nahiz eta olatua beste nonbait egingo duten.
Hasiera batean, proiektua Bristolen egitekoak baziren ere, eremu zabalago bat beharko dutela ikusi ostean leku aldaketa iragarri dute, zehatz-mehatz non egitekoak diren oraindik azaldu ez dute arren.
Egitasmoa oso garestia izango da, ehunka mila libera esterlina beharko dira eta aurrera eramateko enpresa handien laguntza beharko dute, baina dagoeneko lortu dute babesle bat. Diru sarrera handiena Seed Enterprise Investment Scheme hazi enpresak ziurtatuko du.
Proiektua lehen fasean dago egun; beraz egiteko asko dago oraindik, baina proiektua aurrera aterako balitz, Ingalaterran sortutako bigarren olatu artifiziala izango litzateke. Lehena, itsasoan egin zuten, irlaren hegoaldean, orain hiru urte, eta porrot galanta izan zen, olatuak ez baitu ongi funtzionatu egun bakar batean ere.
Proiektu hau egiteko aukeratu duten enpresa arduraduna Wave Garden da, Zestoan den olatu artifiziala egin zuen enpresa bera, alegia.