Surflari Ernegatua
Bidaian, berri artean
Hotelean, «Welcome» ingelesez, alemanez «Willkommen», eta «Bienvenue» frantsesez. «Por favor no robar los cubiertos», espainolez. Surflari euskaldunak gara, aunitz bidaiatzen dugu, gogoz kontra batzuetan. Ez didate surf aldizkaririk sartzen utzi, Fleury- Merogys hotelean.
Honela nindoan egin berri dudan azken txangoan, motxila eta surf aldizkariak soinean, itsasoko kontuak buruan, inguruan nuena ere ahazteko zorian. Hizkuntza desberdinetako aldizkariak besapean, hoteleko logelan ongi etorria emateko txarteltxoa bezala; «Welcome» ingelesez, «Willkommen» alemanez, «Benvenuto» italieraz, «Bienvenue» frantsesez, eta «Por favor no robar los cubiertos» espainolez. Bai, hoteleko eremu desberdinetan, beti da luzeago espainolei zuzendutako oharra, jangelan, igerilekuan, baita igogailuan ere. Asko ikasten da bidaiatuz.
Maurizio uhartean kanpotik datozen surflariak egurtzen dituztela irakurri dut, trenean, eta bertako labela dutela diotenak kolonizatzaileen oinordekoak omen dira. Bertako kreoleak ordea, azal ilunagokoak, zintzoagoak omen dira kanpotarrekin.
Taxian, gidariak ondoan duen fikziozko pertsonaia batekin bakarrizketa luze bat duen artean, Charly Martin surflaria babesten zuen Nike markak taldetik bota duela irakurri dut. Txapelketa osteko parrandan, Eskoziako taberna atari batean, borrokan egin omen zuelako.
Metroko sarrera bidean emakume bat oihuka zuzendu zaio neska errumaniar bati, honen eskua beste emakume baten poltsako kremailera irekitzen antzeman duenean. Gertaerak, tarteka non nagoen begiratu behar dudala gogorarazi dit. Ez dut aldizkaria irakurtzeko aukerarik izan metroan.
Berriz ere egun argitan, sator zuloetatik irten berritan, «Chasing Mavericks» surf filmaren iragarkia albo batean ongi itsatsita daraman autobusa hartu dut. Gidariak ez du eskaini diodan 50 eurokoa hartu nahi izan; beraz, geltokiren batean sar daitekeen inspektoreak antzemango ez nauen itxaropenarekin igo naiz.
Axi Muniainek, Eli, bere neskalagunaren izena, jarri omen dio aurkitu duen azken urautsiari. Errusian ere badira urautsiak, beste artikulu batean. George Picking, Britainia Handiko azken txapelduna, Gary Kong Elkerton, surflari mitikoaren artikulu bat... itxarongelan irakurtzen jarraituko dut.
Neguko itsaskietarako prest Hawaiin. Anglesea hondartzan, Australian, olatu berean pertsona gehien bildu dituen errekorra lortu dute, 120 surflari zutik taularen gainean. Garrett McNamarak olatu erraldoia hartu du Portugalen... Eta bitartean, a zer nolako olatuak ditugun gurean, hego haizea eta bi metroko itsaski bikaina Kantauri itsasoan.
Zer egingo diogu ba, surflari baino lehenago euskaldunak gara, aunitz bidaiatzen dugu, gogoz kontra batzuetan. Ez didate surf aldizkaririk sartzen utzi, Fleury-Merogys hotelean.