GARA > Idatzia > Euskal Herria

Elkarren ondoan bizitzetik elkarrekin bizitzeko urratsa

Gipuzkoa Solidarioaren hirugarren ekitaldian, SOS Arrazakeriak Bizilagunak esperientzian parte hartu duten familiak bildu zituen Kursaalen. Azaroaren 18an elkarren ondoan baina elkar ezagutu gabe bizi zirenak bazkaltzeko bildu ziren. Batzuetan, etorkinak izan ziren bertakoak etxean hartu zituztenak; bertzetan, alderantziz. Gipuzkoako 60 familiak ireki zizkioten ateak bertze hainbertzeri, Europako Next Door Family ekimenera batuz.

p019_f01.jpg

Maider IANTZI

2.000 lagunek baino gehiagok, une berean, gastronomiaren bidez kultua ezberdinak ezagutu zituzten. Gipuzkoan, Belgikan, Hungarian, Italian, Maltan, Eslovakian, Txekian eta Portugalen. Ezagutzen ez dugunak sortzen ahal digun beldurra edo mesfidantza gaindituz gero, bertze herrietatik etorritako jendearekin mahai baten bueltan ordu batzuk konpartituz gero, mundua bertan dugula konturatzen garela erakutsi zuen Bizilagunak ekimenak.

Gipuzkoako 120 familiak, ia 500 lagunek bizi izan zuten esperientzia hori, eta atzo jai batean elkartu ziren Kursaalen. Hasieratik nabaritzen zen pozak erakusten zuenez, aberasgarria eta ederra izan zen elkar ezagutu eta janaria ez ezik, bizipenak eta bizinahiak konpartitzea. Horietan, herri batekoak zein bertzekoak berdinak garela ziurtatu zuten.

Umorea nagusitu zen lehenengo minututik. Kanpoan ilara zegoen eta Kursaaleko aretoa betetzen ari zen. Agertokian, Maribel Salas eta Santi Ugalde aktoreak urduri zebiltzan, gonbidatuak hartu behar dituen familia baten prestaketa lanak irudikatzen. Musikariak ere gonbidatu zituzten bazkaria alaitzeko, eta hauek instrumentuak astintzen zituzten bitartean bikotea ez zen isiltzen. «Jarri labanak eta sardeskak ongi!», egiten zion errieta dotore jantzitako emazteak bata eta etxeko zapatilekin zegoen gizonari. Eserlekuetan, jendea ateraldiekin irrika eta elkar agurtzen ari zen. «Parte hartu al duzue?», galdetzen zion batek bertzeari. «Bai». «Eta nongoak ziren?». «Nikaraguarrak. Oso ondo».

Bideo batean, bazkari hauetan parte hartu zuten bi familia agertu ziren, Kolonbiatik etorritako Margaritaren familia, eta Hernaniko sendi bat. Margaritak kontatu zuen manikura egiten zuela lehen, orain garbitzailea dela eta lan anitz egiten duela Kolonbian duen sendiari dirua bidaltzeko. Anaiarekin konpartitzen du pisua eta biek hartu zuten alaba txiki bat duen bikote hernaniarra. Amak erran zuen alabaren klasean erdiak etorkinak direla eta horrek bertze kultura batzuk ezagutzeko aukera ematen diela.

Alkatea ere bizilagun

Mikel Laskurain aurkezleak Sos Arrazakeriako sortzaileetakoa izan zen Agustin Unzurrunzagari eman zion hitza eta honek Bizilagunak programak estereotipo eta aurreiritziak apurtzeko balio izan duela azaldu zuen. Krisia dela-eta, orain denak izan gaitezkeela atzerritarrak ohartarazi zuen, batez ere herrian lanik ez dutelako kanpora jo behar duten gazteak. «Pertsonak ez gara landareak, ez mugitzeko eginak, ezta barraskiloak ere», adierazi zuen, eta gaineratu zuen migrazioa krisiaren sintoma dela, baita aukera ere. Lakuako Gobernu berriari etorkin guztien osasun eskubideari eusteko eskatu zion.

Xabier Aierdi soziologoak agertu zuen, pentsatzen denaren kontra, iristen diren etorkinak behar direnak direla, eta normalean puztu egiten dela kopurua. Miribillako pasarte bat kontatu zuen adibide gisa. «Ospitalean gutxienez 300 etorkin zeuden!» erran zion emakume batek asaldatuta. «Hainbertze?» galdetu zion Aierdik harrituta eta emakumeak «egia erran, 30 ziren» zuzendu zuen. «A, hori sinesgarriago egiten zait». «Beno, hiru ziren».

Bertzeak bertze, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak parte hartu zuen ekimenean, Marlen eta Hectorren etxean bazkalduz. «Oso esperientzia polita izan zen, baina janaririk gabe utzi genituen. Dena errepikatu genuen!», bota zuen ohikoa duen umorez. Jendeari irri eraginez, Marlenek urduri egon zela aitortu zuen, alkateari zer jarri ez zekiela-eta.

Silvana Luciani Gipuzkoako SOS Arrazakeriako presidenteak emakume eta etorkin bezala bizitza duin bat izateko denen eskubidea aldarrikatu zuen eta familia guztiek elkarrekin argazki bat ateraz bukatu zuten Gipuzkoa Solidarioa.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo