Denok gara mezuaren sostengua
Atzoko egunaren ondorioz, Espainiako Estatuko gaurko egunkari guztien azalak eta orrialde dezente Kataluniari eskainita egongo dira, atzo bozkatu zuten-eta hango herritarrek beren norabidea norantz nahi duten joatea, edo. Ondorioz, baliteke atzoko eguna, azaroaren 25a, 1999an Nazio Batuen Batzar Nagusiak hala erabakita Emakumeekiko Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dena, lausotuta geratu izana, hedabideetan jasotako islari dagokionez. Izan ere, sarriegi, beste edozein arrazoi «premiazkoago» tarteko, erakundeetatik, lehenik eta behin, ez da zalantzarik egiten Berdintasunari kendu eta beste horri emateko.
Aurten, adibidez, krisiaren aitzakian, zer bestela, emakumeenganako indarkeriaren kontrako kanpainetarako dirua ehuneko handian murriztu da. Hala, espezifikoki emakumeoi eragiten digun gaitz sozial larrienaren inguruko sentsibilizazio eta kontzientziazioari, eta heziketari -gazteei begira, bereziki, baina baita heldu ugariri ere- arnasbide garrantzitsua moztu zaie. Bestetik, zenbait erkidegotan, indarkeria mota honen biktimentzako harrera-etxeak eta antzekoak itxi egin dituzte, edo saiatu dira, berezko babesgabetasun sentsazioa are handiago eginda. Alegia, behin salatu eta infernutik alde egiteko pauso zaila emanda, nork bere kabuz moldatu behar duen mezua igorrita. Hor konpon.
Indarkeria matxista gai sakon bezain konplexua da. Hainbat faktore biltzen ditu, jendartean joera nagusia ondorioekin lotzea baino ez bada ere, alegia kolpe eta heriotzekin, agian zanpatze psikologikoarekin, nabari-nabaria izanez gero, baina gutxitan, ordea, berau sortzea, jarraitua eta uste dena baino hedatuagoa izatea ahalbidetzen duen gizarte-egitura jakin batekin. Sistema patriarkala -diotenaren kontra, oraindik ere-, kapitalista -pertsonen gainetik mozkina, arrakasta indibiduala-, eta segun eta zertarako, oso moralista. Emakumeon berariazko gaietan, eta geure gai izanarazten dituztenetan: abortua, lan-mundua, haurren zaintza, nagusiena, etxearena, estetika, arlo soziala... Ezaugarri horiek eragina dute indarkeriaren jatorrian, garapenean, ondorioetan. Eragina dute biktimentzat, beren burua -eta askotan ondorengoena ere- babestea erabaki eta aurrean amildegia besterik ez edukitzea ezin baita aukera bat izan. Amildegi psikologikoa, ekonomikoa, ingurunearena... halako kasuen aurrean maizegi jarraitzen baita ezikusiarena egiten, bikoteen artean konpondu beharreko kontu pertsonaltzat jotzen; hau da, «ni ez naiz sartuko» filosofiapean jokatzen.
Emakumeenganako indarkeria badagoela aitortzea «politikoki egokian» baino ez da geratzen askotan; jarrera bateratu, tinko eta iraunkorra behar duenak garrantzitsuagoa dirudi garai batzuetan beste batzuetan baino. Eta horrela ezin da erauzi, horrela borrokak sinesgarritasuna galtzen du, pisua, izana. Batik bat, mezua. Eta mezuak dauka, orain eta aurrera begira, erabateko garrantzia. Denon artean -gizon, emakume, gazte, agure, erakunde, ikastetxe, elkarte...- zabaldu eta eutsi beharreko mezuak.