GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mintzodromoak 450 ikasle batu ditu Gasteizen, kalean ere euskaraz egin dezaten

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak antolatuta, hiru mintzodromotan parte hartu zuten atzo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 450 ikasle inguruk Gasteizko Artium museoan. Antolatzaileek azaldu zutenez, ekimenaren helburua euskararen sustapena bultzatzea da.

p016_f02_199x116.jpg

Ion SALGADO | GASTEIZ

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasle arabarrek euskararekin hitzordua izan zuten atzo Gasteizko Artium Museoan. Aipatutako eraikinean 450 lagun inguru bildu ziren Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak antolatutako hiru mintzodromoetan parte hartzeko.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendari Rober Gutierrezen esanetan, antolatu diren mintzodromoen helburua gazteek euskaraz aritu ahal izateko espazio bat eskaintzea da. Halaber, ekimenak euskararen erabilera sustatzea eta hizkuntza ikasten ari direnen artean jarrera aktiboa bultzatzea du helburu. «Euskara hizkuntza bizia da eta bizitzaren alor guztietan erabil daiteke. Ikasleek ikusi behar dute euskara ez dela ikastolan erabiltzeko kontu bat», nabarmendu zuen.

Gutierrezen ustez, ikasleei begirako ekimenok «oso baliagarriak dira, batetik, euskaraz egiteko erraztasun eta ohitura handirik ez duten pertsonei euskaraz aritzeko modua eskaintzen zaielako, eta bestetik, baita Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea eta batez ere elkartearen lana gizarteratzeko aukera ematen dutelako ere».

Era berean, zuzendariak mintzodromoak arlo sozioekonomikoan izan ahal dituen eraginak azaldu zituen. «Ikasle hauek kontsumitzaileak dira, kontsumitu ahal dute euskaraz eta dendetara joaten direnean euskaraz hitz egin ahal dute. Bestetik, Mintzodromoan bildu diren gazteek hemendik urte batzuetara lan mundura egingo dute salto, eta guk nahi duguna da lanera joaten direnean lana euskaraz egiteko aukera sortzea», adierazi zuen.

Hamalau ikastetxe

Mintzodromoan parte hartu zuten gazteek, lau laguneko taldeetan banatuta, hamabost minutuko mintzapraktika saioak egin zituzten. Ekimenaren antolatzaileek zehaztuta, ikasleek hiru gairen -lagunartean oporretan, lana eta ikasketak- inguruan hitz egin zuten euskara hutsean.

Goizean zehar, 10.00etatik 13.30era, hamalau ikastola eta ikastetxetako ikasleek parte hartu zuten Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak antolatutako egitasmoan.

Balorazio ona

Mintzodromoek lortutako emaitzak ikusi ondoren, Bai Euskarari Ziurtagiriaren zuzendari Rober Gutierrezek ekimenaren inguruan balorazio positiboa egin zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo