«Euskaldunon ospakizun handi bat» antolatu dute Basaurin
Nerea GOTI | BASAURI
Basauriko euskaltzaleek jai handi bat prestatu dute auzolanean iganderako, beren herrian euskaraz bizi nahi dutela adierazi eta praktikan jartzeko. Goizeko zortzietan hasiko dute eguna herriko udaletxean bertan, guztiek batera jai giroan erronka bat botaz: «Baietz 12 ordu euskaraz».
Goizeko txupinek iragarriko dute iluntzeko zortziak arte luzatuko den erronkaren luzapena. Hamabi orduko tarte horretan ekitaldi ugari antolatu dituzte hainbat talde eta herritarren parte hartzearekin. Goizean zehar, besteak beste, mendi irteera, spinning saioa, grafitilariak, defentsa pertsonaleko saioa, liburu trukea, txistulariak eta buruhandiak izango dira. Goizari amaiera bikaina emateko, berriz, herri bazkaria egingo dute. Atzo ekimenaren bultzatzaileek GARAri adierazi ziotenez, dagoeneko 320 txartel saldu dituzte.
Arratsaldean ere ekitaldi ugari izango dira. San Faustineko lagunen entzierroa, bideo emanaldiak edota 18.00etan hasiko den Dangiliske folk taldearen erromeria izango dira horietako batzuk. Horrez gain, atletismo taldeak antolatutako korrika saioak eta dantza lehiaketa eta erakustaldia izango dira.
Inplikazio handia
«Basaurin be bagara» izena eman diote ekimenari eta herritarren inplikazio zabala jaso du. «Ideia Euskarabila elkarteak antolatutako jardunaldi batzuetan» sortu zen, «eta egun elkarte, erakunde ugari dira antolakuntza lanetan dabiltzanak». «Ez da egon parte hartzea proposatu eta ezetz erantzun duenik».