Bakearen kontra aztarrika, lotsagabe eta eroso
Amaiurreko legebiltzarkide Xabier Mikel Errekondok egindako galderari erantzunez, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak argi esan du Gobernuak ez duela gatazkaren ondorioen inguruan ETArekin mintzatzeko inolako asmorik, borondate zipitzik ere ez. Sorpresarik gabeko sorpresa bat izan da, haren jokabideak argi erakusten baitu «soluziorik eza» soluziorako daukaten eskaintza bakarra dela. Kartzeletako giltzaren jabe izateak ematen dien «abantaila konpetitiboaz» baliatuta, kartzelak husten hastea ekar dezakeen edozein saiakera denboran luzatu nahi dute. Kalkulu politiko hutsa, hotz-hotza, dago PPren Gobernuaren itxikeriaren atzean: zenbat eta denbora gehiago orduan eta handiago ezkerreko abertzaleen higadura, orduan eta astunagoa bizkar-zorroan daramaten zama; zenbat eta etsiago atxiki, orduan eta prezio politiko eta moral handiagoa presoen «erreskatea» kobratzerakoan. Giroa lokaztu, itxaropen oro galbideratu, sufrimenduarekin trafikatu besterik ez dute egiten soluzioak mehatxu bezala ikusten dituztelako. Oraingoz, erosoago dabiltza jarrera lotsagabe horretan aztarrika, bakearen kontra jardunez, euskal herritarren nahiei iseka eginez.
Dena ez da betierekoa izaten, ordea. Tema garesti ateratzen zaienean mugituko dira. Eta hori lortzeko, mugimendu berriak, irekiera eta ekimen ausartagoak, mobilizazio indartsuagoak beharko dira.