GARA > Idatzia > Mundua

Ascoko zentral nuklearrak ez daki non dituen hondakin erradioaktiboak

CSN Estatu espainoleko Segurtasun Nuklearreko Kontseilua Tarragonako Ascoko zentral nuklearrari isuna ezartzeko aukera aztertzen ari da, bertako arduradunek ez baitakite non utzi dituzten hondakin erradioaktiboak gordetzeko erabiltzen dituzten ehunka ontzi.

GARA | MADRIL

2011ko azken hiruhilekoan Ascoko zentrala bisitatu zuten CSNko ikuskatzaileek ezin izan zuten dokumentuen bitartez baieztatu non dauden kapsuletan sartutako hondakin erradioaktiboak gordetzeko erabiltzen dituzten 233 ontzi, Kontseiluak berak jakitera eman duenez.

«250en bat iturburu erradioaktiboren trazabilitatea» galdu izana leporatzen zaie zentraleko arduradunei; alegia, «identifikazio erregistratuen laguntzaz hondakinen historia, erabilera eta kokapena zehazteko gaitasuna» ez izatea.

CSN Kontseiluaren Osoko Bilkurak aztertu beharko du isunak ezartzeko espedientea, txostena Industria Ministerioari igorri aurretik, azken horri baitagokio isuna ezartzea.

Hondakinak «galdu» izanari garrantzia kendu nahian, ANAV Asco-Vandellos Elkarte Nuklearrak Europa Press agentziari adierazi dio arazoa ez dela larria, dokumentuen bitartez non dauden aurkitu ezin dituzten ontzietako hondakinak «intentsitate baxukoak» direlako. ANAV konpainiak gaineratu du arazoaren berri izan bezain pronto zentralak hondakinen egiaztapena egin zuela.

CSNko ikuskatzaileek egindako txostena erakunde horren webgunean kontsultatu dezake nahi duen edonork. Industria nuklearraren mesedetan eta benetako arriskuak kontuan hartu gabe lan egiten duelakoan ekologistek askotan salatu duten erakunde arautzaile horrek ere garrantzia kendu nahi izan dio arazoari.

Ikuskatzaileek lau koloretako semaforo baten tankerako sistema erabiltzen dute zentral nuklearretako arazoen larritasuna adierazteko.

Horrela, kolore berdeak adierazten du arazo jakin batek ez duela eraginik segurtasunean. Zuriak, berriz, eragin baxua edo neurritsua esan nahi du. Horiak funtsezko eragina adierazten du, eta gorriak, altua.

Ascoko arazoari ez diote kolore berdea ipini, zuria baizik. Beraz, eraginik badu segurtasunean, baina egun indarrean dagoen araudiaren arabera zentralak lanean jarrai dezake.

Ustez, falta dituzten hondakinak bidoietan sartu zituzten eta horietako batzuk Kordobako El Cabrileko hondakin biltegira eraman zituzten, baina operazio horren inguruko dokumentaziorik ez dute aurkitu.

Gainerako hondakinak oraindik zentralean bertan dauden bidoietan leudeke.

Edonola ere, ikuskatzaileek ikusitakoa eta dokumentuetan esaten dena ez datoz bat. Beraz, ANAV konpainiak ez ditu bete zentral nuklearretako segurtasuna bermatu nahian indarrean dauden araudiak.

GAROÑA

Carmen Martinez Ten CSNko presidenteak Kongresura joan behar du gaur Garoñako zentral nuklearra ixteko prestatu duten egitasmoaren berri ematera. 2013ko uztailean itxiko dute Garoña

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo