Idazki laburrez osatutako liburua eman du Anjel Lertxundik
Jada argitaratutako ipuinen bilduma egingo zuela agindu bazuen ere, berriak sortu ditu Lertxundik «Paper-festa. Minimalia» liburua osatzeko. Nobelatik ipuinetarako saltoa egin du kontakizunak biluziz eta irakurleengana errazago iristeko.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Anjel Lertxundi idazle eta kazetariak testu laburren bilduma osatu du «Paper-festa. Minimalia» liburuan (Alberdania). Aurretik idatzitako ipuinak elkartzea hitzartu zuen argitaletxeko editoreekin, baina denak banaka gainbegiratzea eta zuzentzea lan neketsua iruditu zitzaionez, aurretik zuen ideia bati ekin zion bere bosgarren liburua idazteko.
«Eskarmentuaren paperak» saiakera liburua idazten ari zela bururatu zitzaion bertan agertzen diren gaiak beste ikuspuntu batetik jorratzea interesgarria izango zela, eta hori egin du liburu berrian. Ia testu guztiak berriak dira, eta berriak ez direnak aldaketak jasan dituzte, jada argitaratuta zeudenekin alderatuz guztiz desberdinak izan diren arte. «Uste dut idazle bakoitzaren begirada dela garrantzitsua, zeri erreparatzen dion, alegia», aipatu zuen. Eta ideia horri eutsiz ekin zion testu sorta hau idazteari. Lertxundik hasieratik argi zuen nor nahi zuen alboan liburua ezagutzera ematerakoan, eta horregatik izan zen Juan Kruz Igerabide idazlea atzo eguerdiko aurkezpenean.
Honek aitortu zuen gozamena izan zela berarentzat Lertxundiren testuak irakurtzea, errealitatearen eta irudimenaren arteko jolas bat osatu duelako idazleak. «Anjelen liburuek atsegin literarioa ematen dute», adierazi zuen. Liburua lau gaitan dago banatuta; «Lubakiak, barne-muinetan» historia eta gizartea aipatzen duena, «Bizitza hizpide» gizakiaren jokabidea aztertzen duena, «Erbinude zuriarena» literatura eta artearena eta «Heriotza, oinarearen aita» gaixotasunen ingurukoa.
Igerabideren esanetan, «Paper-festa» «alfabeto librearen erlijioa eta ideologia da» eta edonoren barrenak astintzeko moduko testuak biltzen ditu. «Liburua irakurtzen amaitu eta gero gauzak ez dira berdin ikusten».
Idazleak berak azaldu zuen liburu honen konplexutasuna testuen sinpletasunean dagoela. Izan ere, ez da berdina nobela bat eta ipuin bat idaztea. «Testuak biluzi egin behar dira, ahalik eta gutxien idatziz asko kontatzeko». Estilo aldaketa hau apropos egin du, gainera, gizartea aldatzen den heinean idazkera estiloa ere aldatzen delako. «Nire egunerokotasunarekin oso lotuta dagoen liburua da eta horregatik jendearengana errazago iristeko premia daukat, nire obsesioa da», azaldu zuen Lertxundik.
Lau zatitan eguneroko bizitzaren eszenak deskribatzen dira, baina laugarren zatia, heriotzari dagokiona, da Lertxundiren benetako esperientzietara gehien gerturatzen dena.