Zahartzen ari direla konturatzen direnen kezkaz beteriko istorioak bildu ditu Karmele Jaiok «Ez naiz ni» liburuan
N.B. | DONOSTIA
Karmele Jaiok zahartze prozesuaren gaiari heldu dio «Ez naiz ni» liburuan. Bertan 12 istorio labur kontatzen ditu, guztiak gai beraren inguruan. Protagonista gehienak emakumezkoak dira, baina horrek ez du esan nahi gizonezkoen frustrazioak aztertzen ez direnik.
Hala, adinik aipatzen ez den arren, 40 urtetik gorako pertsonen bizipenen berri ematen du Jaiok. Bakoitza zahartze prozesu horren hasieraz modu desberdinean ohartuko da, bata mamografia egitean edo seme-alabak gurasoekin oporretan joan nahi ez dutela jakitean bestea.
Pertsonaia guztiek komunean dutena euren pentsamoldean aldaketa hori nabaritzean sentitzen duten ezinegona eta kezka da. Zerbait egingo dute egoera hori aldatzeko, dela aurretik egin ez dituzten gauzak egiteari ekin galdutako denbora berreskuratzeko, dela itxura fisikoa hobetu gaztetan bezain erakargarri sentitzeko. Zahartzarorako lehen pauso horiek gainditzeko sendagarria norberak aukeratuko du, baina finean denek ulertuko dute aurrera egin behar dutela. Izan ere, pertsonaietako batek esan bezala, «zailena ez da zahartzea, zahartzen hastea baizik».
Liburu honetako istorioak estilo eta egitura aldetik oso desberdinak dira aurretik idatzitakoarekin alderatuz. «Pazientzia handiagoa izan dut eta ipuin luzeagoak atera zaizkit», azaldu zuen. Gainera, umorea erabili du zenbait pertsonaia barregarri utziz, norberak bere buruaz barre egiten duenean bezala.
«Ez naiz ni» liburuko ipuin bat izan ezik, gainerako guztiak berriak dira. Azken hori gaztelaniaz idatzita zegoen eta itzuli egin du, euskaraz eman nahi zuelako. Idazleak badauka bere testuak itzultzen eskarmentua. Izan ere, aurretik «Musika airean» eta «Amaren eskuak» gaztelaniara itzuli ditu. Azken hau, gainera, alemanera itzuli dute eta datorren urtean estreinatuko den film bat egiten ari dira.