Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea
Musikaren kafeak
Kafea eta gailetak musikarekin. Nahiago sexua musikarekin. Jarrera erreboltaria musikan. Kafea eta gailetak. Frutaren zukua eta barazkiak. Gero eta musikari buruzko testu gehiago ditugu erabilgarri teknologiak eskainitako tresna berrietan eta euskarri fisikoan. Musika liburu horiek euskarri digitalean izatea erabilgarri eta komenigarria da. Beti izan da, eta izango, musika liburuak euskarri fisikoan edukitzea zein erabiltzea gustatzen zaion jendea.
Astratik (Gernika-Lumo), Kafe eta Gailetak taldearen egitasmopean liburu bikain eta garrantzitsua argitaratu dute «Kafe aleak. 121 disko irakurketa» izenburupean. Euskal Herrian zine-forum ekitaldien loratzea 70eko hamarkadan gertatu zen. Garai politikoa eta soziala irakiten genuen eta edozein aitzakia ederra zen botere politikoaren zentsura zapaltzaileari aurre egiteko. Zinearen bidez politika askatzaileetara jauzi egiteko une zoragarriak menperatzailea izorratzeko. Disko-forumak ere etorri ziren antzeko xedearekin 80ko hamarkadan. 2008tik Kafea eta Gailetak egistasmoko kideek formatu desberdinak erabili dituzte musikaren gainean entzunaldiak egiteko eta hausnarketetan sakontzeko, zuzeneko emanaldiekin batera. Ideia horrek bultzatuko du «Kafe aleak. 121 disko irakurketa» liburua.
Euskal Herrian musika liburu gutxi argitaratu izan da eta honelako ekarpenak gogokoak eta gogoangarriak dira. Kafeak taldeak kezka nagusi bat azalduko du hitzaurrean. Saio publikoetan emakumeen parte hartzea oso handia izan bada ere, gero eskatu denean idaztea, askok ezezkoa eman du eta laurdena baino ez da liburuan. Betiko paradigma musikan. Gizonezkoak dira, oro har, lanpostuetan. Eraldaketa feminista eskatuko du taldeak musikaren arloan.