GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Lip dub erraldoia» egingo du Herrirak Durangon abenduaren 8an

Herrirak «lip dub nazional eta erraldoia» antolatu du datorren abenduaren 8rako, Durangoko karriketan. Presoen aldeko mugimenduak «adin guztietako jendeari» zabaldu dio urtarrilaren 12ko manifestaldia bultzatzeko egingo den ekimenean parte hartzeko deialdia.

p014_f02.jpg

GARA | DURANGO

Pasa den urtean egin bezala, Herrira mugimenduak lip dub «erraldoia eta nazionala» egingo du aurten ere abenduaren 8an. Durangoko Azokan urtero biltzen den jendetza lagun, iazko bideo grabaketan bildutako parte hartzaile kopurua gainditu nahi du Herrirak, eta, horretako, «adin guztietako jendeari» zabaldu dio lip dub-ean parte hartzeko gonbidapena.

Ekimena urtarrilaren 12ean euskal preso politikoen eskubideen alde egingo den manifestazio nazionala bultzatzeko dinamikan kokatzen da, eta, bideoaren antolatzaileek adierazi bezala, «batzorde zabal bat dabil azken asteotan lanean dena ondo atera dadin».

Lip dub-ean parte hartzeko deia egin zutenen artean hainbat aurpegi ezagun ere baziren atzokoan, Txan Magoa esaterako. Durangon izango dela eta bideoan magia truku bat egingo duela aurreratu zuen. Hori bai, ez zuen argitu denak txunditzeko ze trikimailu erabiliko duen oraingoan.

«Herri-emozio orgasmoa»

Lip dub-aren gidoilari eta bultzatzaileek abenduaren 8an egingo den grabazioaren inguruko argibideak ere eman zituzten. Ziortza Jaiok elkarte eta norbanako ugarirekin bildu direla aditzera eman zuen: «Era askotako jendea gonbidatu dugu parte hartzera. Hasieratik elkarrekin egon gara lanean. Ekimena herriarena dela ikusarazi nahi dugu». Lip dub formatua erabiltzearen arrazoia ere azaldu zuen: «Mobilizatzeko beste modu bat da. Jolastuz eta dibertituz ere mobiliza daiteke».

Peru Magdalena, bere aldetik, lip dub-aren gidoia prestatzeaz arduratu da. Horrez gain, kulturgileekin harremanak izan ditu parte har dezaten eskatzeko. Bere ustez, aurtengo lip dub-a ekimen historikoa izango da: «Elkartasun leherketa kolosala izango da Durangokoa, barrearen eta negarraren ertzetan ibiliko den herri-emozio orgasmo bat».

Rosi Aranburuk ere babesa agertu zion Durangon egingo den ekimenari. Herrian gaia bolo-bolo dabilela nabarmendu zuen, eta, «entzun arte askok lip dub bat zer zen jakin ez arren», bere inguruko asko parte hartzeko prest agertu direla azpimarratu zuen. «Mobilizatzeko eredu hau gozamena da. Ilusio handia egiten dit», esan zuen Aranburuk, «adin guztietarako aproposa» dela gaineratuz. Horrenbestez, helduek ere parte hartzea espero dutela nabarmendu zuen.

Ekimenean esparru eta sektore ezberdinetako lagunek hartuko dute parte, eta, horien artean, antolatzaileek atzo argitu bezala, «euskal jendarteko aurpegi eta profesional oso ezagunak daude». Horiekin batera parte hartzeko deia luzatu nahi izan zien atzo Herrira mugimenduak euskal herritar guztiei. Elkarte solidarioaren aburuz, «mobilizatzeko era ezberdin, koloretsu, alai eta parte hartzailea» izango da abenduaren 8koa. «Urtarrilaren 12ko herri mobilizazio orokorraren entsegu koloretsua izango da. Euskal presoen eskubideen alde kaleak era positiboan betetzeko beste aukera bat», nabarmendu zuten.

Ekintzaren xehetasunekin batera, mobilizazioaren spota aurkeztu zuten atzo Herrirako kideek Durangon, baita kartel ofiziala ere. Parte hartu nahi izanez gero, hitzordua jarrita dago: abenduaren 8an, arratsaldeko hiruretan, Durangoko karriketan.

herrikoia

Antolatzaileek argitu bezala, elkarte, kulturgile eta herritar ugarirekin bildu dira «lip dub»-a prestatzeko, «ekimena herriarena eta herriarentzat dela ikusarazteko»

IBILBIDEA

«Lip dub»-a Santa Ana eta Andra Mari auzoen artean egingo da, 15.00etan. Atal ezberdinak izango dira zirkuituan zehar: Rock gunea, Euskal Herria gunea, Herrira gunea, Irritxoen gunea edota Zirkuaren gunea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo