GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Aurrekaria ezarri beharko lukeen pausu positiboa

Heldu den abenduaren 5erako aurreikusita zegoen etxegabetze bat bertan behera utzi dute Basaurin, Bilboko epaileek onartu zuten eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak epaitegi guztietara bidali duen protokoloa lehen aldiz aplikatzearen ondorioz. Oso berri ona da etxetik kanporatzeko zorian egon den basauriar gaztearentzat, baina aurrekaria ezarri beharko lukeen pausu onuragarria ere bada. Izan ere, kasu honetan jazotakoak erakusten du etxegabetzeak eragozteko aukera egon badagoela, horretarako borondatea dagoenean, eta, beraz, beren burua kalean ikusteko arriskua duten hamaika lagunentzat itxaropenerako tartea badagoela.

Azken urteotan, milaka dira hipotekari aurre egin ezin izan diotelako beren etxea galdu duten herritarrak, eta pertsona horiek bakarrik dakite zein latza den horrelako egoera bat pairatzea. Hain da latza, azken hilabetean kaleratze baten karietara bi lagunek beren buruaz beste egin dutela Euskal Herrian. Horregatik, epaileek ezarritako protokoloa bezalako ekimenak ongi etorriak dira, auzi honen gordintasuna leuntzeko balio duten neurrian. Edonola ere, sakoneko arazoari aurre egiteko erabaki politikoak dira hartu behar direnak, instituzioetan hartu beharrekoak, alegia, eta, tamalez, politikari eta instituzio gehienek entzungor egiten diote oraindik ere herriak eskatzen duenari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo