GARA > Idatzia > Kultura

Historia oinarri, Afrikan eta Kuban kokatzen diren fikziozko istorio bi

Joxemari Iturraldek Afrikako iparraldeko gerran hil ziren euskaldunak oroitu ditu Pamiela argitaletxearekin ateratako «Ilargi horia» nobelan. Jose Enrique Urrutia Capeauk, ordea, Kubara jo du «Waylerren itzala» lanean.

p043_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Pamiela argitaletxeak liburu aurkezpen bikoitza egin zuen atzo Donostian. Izan ere, Durangoko Azoka ate-joka dugula, lan berriak aurkezteko ia denborarik ere ez dago jada. Hala, Joxemari Iturralderen «Ilargi horia» eta Jose Enrique Urrutia Capeauren «Weylerren itzala» aurkeztu zituzten atzo elkarrekin. Biak Pamielako Kondagintza sailaren barnean argitaratu dituzte eta biak historia oinarri duten fikziozko nobelak dira. Horretaz aparte, ez dute ezer gehiago komunean.

Iturralderen lanak Afrikako iparraldean kokatutako istorioa kontatzen digu. Enpresari euskaldun bat Iberiar penintsulan eta Afrikan aritzen da lanean, eta, halako batean, Melillara joatea egokitzen zaio. Bertan, historian atzera begiratzera eramango duten zenbait pasadizo biziko ditu, eta, azkenean, bizipenok bere bizitzan eragina izango dute.

«Hyde-Parkeko hizlaria» bere aurreko nobela idatzi zuenetik sei urte pasa diren honetan, «Ilargi horia» liburuan intriga, historia eta pertsonen arteko harremanak jorratu ditu Itularraldek. Hori bai, idazlearen beraren arabera, osagai horiek «liburuaren geruza bat besterik ez dute osatzen». Izan ere, saiakera bat izan gabe, gaian sakontzeko aukera ematen dio irakurleari eleberriak.

Iturralderen esanetan, aspalditik zuen asmoa gorpuztu du liburu honetan. «Deskribatzen ditudan lekuak oso ondo ezagutzen ditut. Duela 40 urte izan nintzen Melillan lehen aldiz eta kanposantua ikusi nuen. Oso polita da, paraje zoragarriez inguratua -azaldu zuen-, eta hildakoen izenak begiratuz konturatu nintzen izen euskaldun asko zeudela». Euskaldun horietako asko behartuta joan ziren gerra arrotz batera eta bertan hil ziren. Informazio historiko hori bildu zuen idazleak eta aurkeztu berri duen liburua egiteko ideia izan zuen. Beraz, kontatzen den istorio partikularra fikziozkoa bada ere, horren atzean dauden gertakizun historikoak bene-benetakoak dira.

Liburuari «Ilargi horia» izena zergatik jarri dion, ordea, ez zuen kontatu nahi izan. «Literaturan asko aipatzen da ilargia; ilargi gorria, ilargi urdina... eta nobela honetan pertsonaia batek `ilargi horia' aipatzen du, baina ez dizkiot liburuari tripak aterako», adierazi zuen ilargi horia garrantzitsua dela agerian utziz.

Kolonialismoa aztergai

Gertakizun historikoei heltzen die Jose Enrique Urrutia Capeauk ere bere liburuan fikziozko hainbat istorio kontatzeko. «Weylerren itzala» ipuin desberdinez dago osatuta eta denen arteko lotura elementua Kubako independentzia gerra da. Idazleak kontzentrazio esparruei buruzko liburu bat irakurri zuen eta bertan Espainiako Armadako jeneral izandako Valeriano Weyler agertzen zen. Hori oinarri hartuta, jeneralak Kuban egin zituen sarraskiekin zerikusia duten istorioak asmatu ditu, zuzenean aipatzen ez baditu ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo