GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Amatza Abasolo, Liher Aiartzaguena, Zorion Agirrezabal eta Miguel Cenigaonaindia | Iurretako Bilduko zinegotziak

Usansolok herria izan nahi du

Azken urteetako desanexio eta banaketa prozesu guztiak bukatuta daude. Adostasun eta akordioen bidez konpondu dira denak

Azken hilabeteetan Usansolok, oraindik ere, Galdakao herritik bereizteko borrokan jarraitzen duela birgogoratu digute bertako herritarrek. Jada 22 urte pasa dira Iurreta gure herria Durangotik desanexionatu zenetik, eta ez dugu inolako damurik; are gehiago, oso harro gaude hartutako erabakiarekin.

Iurreta ez da izango Bizkaiko herri politena, ez handiena, ez txikiena, ez erakargarriena, ez... baina gure herria da! Herri guztiek bezala gure alde onak eta hobetu beharrekoak dauzkagu, eta horretan dihardugu gure eguneroko lanean; agian herriaren kudeaketa ez da guk desio genukeena, baina herritarrek aukeratutakoa den neurrian errespetatzen dugu.

Gaur egun, azken hamarkadetako askatasun borrokaren ondorioz hainbat herri berri gaude Bizkaian; elkarrekin borrokatu genuen herrien izenak datozkigu burura: Alonsotegi, Erandio, Arratzu, Bolibar... Usansolo ere gurekin batera borrokan ibilitakoa da. Tamalez, arrazoi ezberdinak medio, Usansoloren askatasun borrokak intentsitate maila ezberdinak eduki ditu denboran zehar, baina ezin da ukatu usansolotarren herri nortasunak itxaropenaren txingarra mantentzen lagundu diela, eta gaur da eguna non azken bultzada emateko erabaki irmoa hartu duten.

Egunotan medioetan irakurri eta entzun dugu Foru Aldundiak baduela esku artean Bizkaian herri gehiago ez sortzeko proposamen bat; hau da, desanexioak, herri banaketak... ekiditeko proiektu bat. Ez gara arrazoi ekonomizista edo pragmatikoak eztabaidatzen hasiko, zeren eta luze joko luke debateak, eta, ziur asko, nekez helduko ginateke denon arteko adostasun batera. Baina Usansoloko kasuak, hausnarketa burutsu eta sakonetatik harago, honako oinarrizko planteamenduetara garamatza:

- Azken urteetako desanexio eta banaketa prozesu guztiak bukatuta daude. Adostasun eta akordioen bidez konpondu dira denak.

- Herri nortasuna eskuratu edo berreskuratu duten herri guztiak oso gustura gaude, bat bera ere ez da damutu, inork ez du atzera egin.

- Banaketa edo desanexioaren ondorioz lurralde zatiren bat galdu duten herriak ere oso ondo moldatu dira egoera berrira.

- Galdakao herritik bereizi eta herri bat izateko Usansoloren borroka aspaldidanik dator.

- Usansolo da gaur egun herri nortasuna eskuratzeko borrokan segitzen duen herri bakarra.

- Gaur egun eta epe laburrera ez da aurreikusten beste herri bereizketa prozesurik Bizkaia osoan.

- Usansolotarren herri nortasuna erabatekoa da.

- Usansoloren banaketak ez lioke aparteko arazorik eragingo Galdakao herriari.

Beraz, beste herri askok gure askatasuna eskuratu edo berreskuratu genuen bezala, Usansolok ere bere nahia gauzatzeko eskubidea daukadala deritzogu. Azken batean, herritarren erabakia errespetatzea ez al da demokraziaren oinarrietako bat? Bada, errespeta dezagun usansolotarren erabakia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo