Top 14
Goiko postuetara hurbiltzeko aukera dauka Biarritzek
Zuri-gorriek jaitsierako postuetan dagoen Stade Bordelais hartuko dute Agilera estadioan, 18.30ean. Garaipenaz gain, erasoko puntua ere lortu beharko lukete.
Jon LEUNDA
Top 14a gaur itzuliko da, selekzioak direla-eta egin duten geldialdiaren ostean, eta euskal taldeek berriro ere norgehiagoka garrantzitsuak izango dituzte dauden lekutik gora egiteko daramaten borrokan.
Biarritzek galdu ezin duen neurketa horietakoa dauka, jaitsierako postuetan dagoen Stade Bordelaisen aurka. Zuri-gorriek garaipena eta erasoko puntua lortu beharko lituzkete. Horrek beheko postuak atzean utzi eta goikoetara hurbiltzeko balio beharko lieke.
Zuri-gorriek jokatutako hamaika partidetatik bost irabazi eta sei galdu dituzte. Guztira 24 puntu dituzte. Bordelekoak, berriz, azken bigarren postuan daude sailkapenean, eta hiru neurketa bakarrik irabazi dituzte, eta zortzi galdu. Une honetan 16 puntu dituzte. Gaur Biarritzek irabazteak mesede handia egingo lioke Avironi ere.
Zuri-gorrien artean, gainera, berri onak ere badira, Imanol Harinordoki taldera itzuliko baita. Lesio bat medio aurten ez du jokatu, eta gaur hasieratik aulkian egongo baldin bada ere, partidan zehar minutuak izango ditu, eta hori oso berri ona da. Yachvili ere osatu da eta sasoiko dago, eta beste izar eta ikurraren itzulerak taldeari indarra hartzeko balio behar dio.
Azken orduko ezusterik ez baldin bada, honako hau izango da Biarritzen hamabostekoa: Barcella, Hegi, Gomez Kodella, Dubarry, Taele, M. Lund, Lauret, Lakafia, Yachvili, Berquist, Brew, Traille, Gimenez, Ngwenya eta Balshaw. Aulkian, August, Blaauw, E. Lund, Harinordoki, Lesgourgues, Peyrelongue, Borutu eta Synaeghel geratuko dira.
Zaila
Avironek neurketa zaila izango du Montpellier taldearen zelaian. Agilerako partida bezalaxe, hau ere 18.30ean hasiko da. Sailkapeneko bosgarren postuan daude, eta final-laurdenak jokatzeko lehia horretan sartuta daude. Puntu bat lortzea ere ez litzateke txarra izango, horrek aurrera beste pauso bat emateko balioko bailieke zuri-urdinei.
Hamabostekorik ez dute eman ezagutzera, baina deialdia honako hau izango da: Arganese, Bernad, Boutati, Boyoud, Carrillo, Chisholm, Haarem, Igiñiz, Manukula, Marmouyet, Puricelli, Roumieu, Senekal, Tialata, Ahotaeiloa, Boyet, Garcia, Fuster, Gerber, Heymans, O'Connor, Potgieter, Rokocoko, Rouet eta Spedding.
Harinordoki osatu da, eta berriro ere taldean da. Donibane Garazikoa ez da hasierako hamabostekoan egongo, baina partidan zehar jokatzeko aukera izango omen du.
Avironek oso neurketa zaila dauka, Montpellier taldearen zelaian jokatuko baitu. Zuri-urdinentzatoso garrantzitsua litzateke gutxienez puntu bat lortzea.
Gaur itzuliko da Top 14a, baina datozen bi astetan ez da berriro ere jokatuko, Heineken Kopako eta European Amlin Challengeko partidak izango direlako. Gaur jokatu, bi aste Europan murgildu, itzuli eta Gabonak izango dira, nahiz eta errugbilariek ez duten oporrik izango. Baldintza horietan zaila da lehiaketa batean burua sartuta izatea. Izan ere, Europan ere Biarritzek eta Avironek beraien aukerak izan badituzte. Ez da inolaz ere normala hilabete eta erdian ligako bi partida bakarrik izatea. J.L.