GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora

Hiru torneo, Joxe Etxebesteren omenez

p047_f02.jpg

J.L.

Joxe Etxebestek omenaldia jasoko du bihar, 11.45etik aurrera, Leaburuko Apattako industrialdean dagoen Divako pabilioian. Hori aitzakiatzat hartuta, Egur Sport enpresak hiru lehiaketa edo torneo ezberdin eta dotore antolatu ditu.

Alde batetik, beteranoen torneoa jokatuko da, baita maila nagusikoena eta herriartekoa ere. Azken hori izango da berrikuntza, eta, dudarik gabe, ikusminik handiena piztu duena ere bada.

Beteranoen torneoa binaka jokatuko da, eta bertan parte hartuko duten bikoteak honako hauek dira: Etxeberria-Goñi, Ugarteburu-Garmendia, Mendieta-Erdozia, Arria II.a-Aierbe, Etxebarria-Esnaola, Elorriaga-Agite, Mindegia-Jaunarena eta Patxi Larretxea-Barberena.

Adin ezberdinetako aizkolariak neurtuko dira, batzuk oso ezagunak, beste batzuk ez horrenbeste, baina denak ere oraindik aizkorako gogoz eta duten onena emateko asmoz plazaratuko dira. Zaleek gogoz ikusten dituzten aizkolariak dira guztiak ere, normalean plazetan ia ez baitira batere aritzen.

Buruz buruko torneoa ere oso erakargarria izango da. Bertan Olasagasti, Azurmendi, Atutxa II.a, Txapartegi, Lopez eta Erasun neurtuko dira. Guztiak ere Euskal Herriko Lehen Mailako aizkolariak dira. Juanjo Lopezek aurten galdu du maila, eta, Ander Erasunek, berriz, denboraldi honetan lortu du onenen artera sartzea.

Herriartekoa izango da berrikuntza, eta binaka jokatuko dute aizkolariek. Donato eta Oihan Larretxea plazaratuko dira Beraren izenean, Nazabal eta Erdozia etorriko dira Etxarritik, Senosiain anaiak Olaguetik, Jon Rekondo eta Ruben Saralegi Leitzatik, Otaño eta Mujika Ibarratik, Arria V.a eta Larrañaga Azpeititik, Mugertza anaiak Mutrikutik, Otaegi eta Irazu Zizurkildik, Arrospide eta Zaldua Zumarragatik eta Rodriguez I.a eta Rodriguez II.a El Espinar Segoviako herritik.

Hiru lehiaketa azkar izango dira. Aizkolari asko izan arren, dena azkar joango da, lanak laburrak eta azkarrak izango baitira, eta horrek ikuskizuna areagotu egingo du. Gaur egun dauden aizkolaririk onenetakoak eta izandako gehienak ere hantxe batuko dira, duten onena emateko asmoarekin.

Omendua

Joxe Etxebeste da omendua. Urte askoan maila nagusian aritutako aizkolaria, bere garaiko onenetakoa. Txapelketez gain, apustu mordo bat ere jokatu ditu Etxebestek. Aizkoraz gain, korrika ere ezaguna izan da, baita segan ere. Bihar jasoko du herri kirol munduak eskainiko dion omenaldirik beroena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo