Sokatira | Lauko Euskal Herriko Txapelketa
Gizon zein emakumeen lehenengo jardunaldia jokatuko da Beasainen
J.L.
Beasaingo Antzizar kiroldegian jokatuko da gaur 300 kiloko Lauko Euskal Herriko Txapelketako lehen jardunaldia, 17.30ean. Guztira hamabost talde arituko dira lanean, hiru multzotan banatuta. Bi jardunaldi jokatuko dira, eta bakoitzeko bi onenek lortuko dute abenduaren 22an Ibarran jokatuko den finalerako txartela.
Amaiur, Abadiño B, Ibarra A, Sokarri B, Urruña eta Baigorri arituko dira A multzoan. B multzoan, berriz, Abadiño A, Ñapurrak A, Ibarra B, Basaburua-Imotz, Berriozar B eta 6 Conceyos. Sokarri A, Berriozar A, Apurtuarte, Iparralde, Txantrea eta Ñapurrak B, aldiz, C multzoan arituko dira lanean. Bi jardunaldi bakarrik direnez, hasieratik komeni da puntuak batzea, bestela finaletik kanpo geratzeko arriskua handia izango baita.
Leku berean nesken 260 kiloko lehen jardunaldia ere jokatuko da. Hau hiru jardunaldiko ligaxka izango da, eta abenduaren 22an amaituko da, mutilen 300 kilokoarekin batera. Guztira sei talde arituko dira lanean, eta, gizonezkoetan bizkaitarrak baldin badira ere talderik gehienak, emakumezkoetan ez da bakar bat ere arituko.
Badaiotz, Ibarra A, Ibarra B, Bizindar A, Bizindar B, eta Berriozar lehiatuko dira nor baino nor. Arabarrak izango dute gehiengoa, seitik bi herrialde horretakoak baitira, bi gipuzkoarrak, eta bat nafarra. Badaiotz da, dudarik gabe, txapela lortzeko faborito nagusia, ete lehen jardunalditik aterako dira gauzak garbi uzteko asmoarekin. Ibarrako taldeak izango direla dirudi bere aurkaririk nagusienak.