Xabier Izaga | Kazetaria
Airea sartzeko leihoak
Euskaraz idazteko asmoa nuen gaurkoan. Euskararen gainean, alegia, Donostiako hitzordua dela-eta, euskaraz bizitzeko eskubideaz idazteko abagunea dela iritzita. Halabaina, zinemaz idatziko dut, asteon ikusi dudan film baten gainean, alegia. Errealitateaz, egiaz, jabetzeko eskubideaz.
Ikusi baino lehen ere idatzi nuen film horretaz, Madrilgo Gobernuak mehatxuka hasi zenean, hain zuzen. Eta aitortu beharra daukat Gobernu horren jarrera ulertzen dudala, film arriskugarria da eta. Ez panfleto politikoa delako, ezta hurrik eman ere, indarkeriaren ondorioen paisaia bakarra ez dagoela erakusten duen film sinesgarri eta artistikoa delako baizik.
Film batzuk ikusita nago, nahi baino gutxiago, genero guztietakoak eta, bestelako prestakuntzarik ezean, zinezale gisa eta konparazioz besterik ez bada ere, esan dezaket «Barrura begiratzeko leihoak» kalitate handiko filma dela. Asteartean eta asteazkenean sarrerak agortuta zeudela iritsi nintzen aretora, eta hirugarrenean lortu nuen ikustea (gaur jakin dut Gasteizen beste astebetean ikusgai egongo dela). Etxerakoan, ez zela lorpen makala izan egin nuen neure artean.
«Barrura begiratzeko leihoak» filmaren atal batzuk besteak baino gehiago edo gutxiago gustatuko zaizkizu, baina ez zara aldameneko lagunarekin bat etorriko, hark alderantzizko hurrenkera eskainiko dizu eta. Izan ere, bost estilo desberdin dira, baina, hala ere, bostek batasun koherentea osatu eta emozio bertsuak eragingo dizkizute. Debekatutako errealite bera ikusteko aukera emango dizute bost leihook. Mina existitu egiten da munduan, ez da hori ez dakienik, baina min batzuk leiho itxiaren atzean nahi dituzte, hartara existitzen ez direlakoan. «Barrura begiratzeko leihoak» filmak legez eta dekretuz itxi eta propagandaz zigilatutako leihoak zabaldu ditu, sufrimenduak ez duela zertan klandestinoa izanik erakusten du, inorena ukatu gabe; aitzitik, denona onartuz. Eta barrutik sartzen den airearen fereka nabarituko duzu.
Film arriskugarria botere ikuspegia baino ez duenarentzat, baina beharrezkoa aurrera egin nahi duen gizarte, herri honentzat, hartartako beste alde batzuetara bezala barrura ere begiratu behar duen gizarte honentzat. Lehenbailehen berriro debekatutako barrura begiratu behar ez izateko.