Taula gainean duen indarra erakusteko diskoa kaleratu du Ze Esatek! taldeak
Zuzeneko kontzertu eramangarri gisa aurkeztu dute Ze Esatek! taldeko musikariek «Gu gara» lan berria. Kutxa batean, Donostiako jaietan eskainitako emanaldia jasotzen duen diskoa eta egun horretako irudiak Basauriko jaietako eta Kilometroetako kontzertuetan grabatutakoekin nahasten dituen DVD bat bildu dituzte. Donostiako kontzertuan kolaborazioak garrantzitsuak izan ziren; taula gainean taldekideekin izan ziren musikariez gain, publikoak ere garrantzia du lanean.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Ze Esatek! euskal taldeak bere ibilbidearen errepasoa egin du «Gu gara» zuzeneko diskoan. Bertan, Donostiako jaietako Piraten Egunean eskainitako kontzertuko kantak bildu dituzte asmo argi batekin: agertokira igotzen direnean duten indarra grabaketa batean erakustea.
Azken urteetako euskal musikaren joera gaztea, dantzagarria eta erreboltaria izan da, eta horrelakoa da euskarazko ska, reggae eta rocka nahasten dituen talde donostiarraren apustua ere. Horren erakusle, Euskal Herri osoko jaietan entzun ditzakegu euren kantak, bai kontzertuetan bai tabernetan.
Aurtengo abuztuan, Donostiako jaietan jo zuten, eta, orain artean zuzeneko diskorik ez zutenez, donostiarrak izanik eta piratek antolatutako ekitaldi bat zenez, zuzenekoa bertan grabatzea erabaki zuten. Izan ere, Iñaki Rodriguez Vierbu gitarra jotzaileak atzo azaldu zuenez, «estudioan ondo funtzionatzen dugu, baina Ze Esatek! zuzeneko taldea da».
Hori horrela, zuzeneko disko indartsuarekin oraindik taldea ezagutzen ez duten horiengana iritsi nahi dute, egunen batean kontzertu batera joatera animatzeko. Aurretik taldea ezagutzen dutenei, berriz, etxean kontzertuetan eskaintzen duten energiaz gozatzeko aukera eman nahi diete. «Nik autoan daukat diskoa -aitortu zuen Rodriguezek-, eta uste dut agertokian transmititzen duguna biltzea lortu dugula».
Jabi Rodil abeslariarentzat diskoko kantetan jaia eta taldearen indarra nabari daitezke. «Hasierako diskoko kantak ia bi aldiz bizkorrago jotzen ditugu kontzertuetan; aurpegian zaplazteko bat jasotzearen parekoa da erritmoa».
Lankidetzaren bidetik
Taldearen helburua, urte hauetako esperientziari esker ikasi eta hobetu dutela erakusteaz gain, publikoari eskerrak ematea izan da. «Gu hemen bagaude jendeari esker da; beraiek diskoan parte hartzea nahi genuen», azaldu zuen Vierbuk. Horregatik, abuztuko Donostiako kontzertuaren audioa hartu, eta, ia moldatu gabe, diskoan sartu dute. Horrekin batera, DVD bat dago kutxan; bertan, Donostian, Basaurin eta Andoaingo Kilometroetan eskainitako kontzertuetako irudiak bildu dituzte.
Kilometroak jaiak oso bereziak dira Ze Esatek! taldeko kideentzat. Hasiera-hasieratik bertan kontzertuak emateko aukera izan dute, eta, gainera, 2011n, Gipuzkoako ikastolen jaia Azpeitian ospatu zenean, eurei egokitu zitzaien abestia egitea. Hala, «Klik!» sortu zuten Olatz Prat abeslariarekin batera.
«Gu gara» diskoaren grabaketa kontzertuan ere izan zen Prat, beste lagun askorekin batera. Bertan izan ziren, adibidez, Alex eta Franck taldekide ohiak, KOP taldeko Juanra, Kaotikoko Jhony edota lagun handia duten Esne Beltza taldeko Xabi Solano trikitilaria.
Guztira 22 kanta ditu diskoak, «Bidez bide» abestiaren katalanezko bertsioa barne («Pas a pas»). DVDan, ordea, abesti bat gehiago eta «Gu gara» abestiaren bideo bat daude.
Ia bost urteko bizitza du taldeak, eta, hasiera batean hamar kide baziren ere, egun zortzi dira. Musikak taula gainean zein oholtzatik kanpo harreman politak egitea ahalbidetu die taldekideei.