GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Eskozia, Euskal Herria, Flandria eta Katalunia, autodeterminazioaren alde Europan bat eginik

Herritarren ahotsari bide zuzena eskaintzea, baldintzak baldintza eta ñabardurak ñabardura, bertute handiko ideia zaharra da. Datorren apirilaren lehenetik aurrera, Europar Batasunak Herritarren Ekimen Europarra egitasmoa martxan jarriko du, Europako herritarren eskaerak biltzeko, eta, aukeran, bideratzeko mekanismoa. Milioi bat sinadura biltzea, ahalegin herritar mardula benetan, izango da bertara jotzeko baldintza, eta, egindako eskaera burokraziaren amaraunean hiltzeko arriskutik salbu egongo ez bada ere, sikiera, EBk erantzuteko obligazioa izango du. Bada zerbait, zirrikitu bat, aukera berrientzat irekitzen den leihoa. Aprobetxatu, aprobetxatzekoa.

Horixe bera eginen dute Eskozia, Euskal Herria, Flandria eta Kataluniako herri mugimenduek EPI (European Partnership for Independence) plataformaren aterkipean mamituko duten egitasmoarekin: autodeterminazioaren aldeko milioi bat sinadura bilduko dituzte. Mugaz gaindiko ekimen horren bitartez, aitortu gabeko europar nazioen eskaera demokratikoa eramango dute Bruselaraino. Ekimen ederra, hain ezberdin baina orain hain antzeko diren nazioen ahotsa indartu, zabaldu, entzunaraziko duena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo