GARA > Idatzia > Euskal Herria

EAJk eta PSEk botere aldaketari ekin diote, aurreko ika-mikak atzean utzita

Azken asteetan beraien artean egondako tentsioak alde batera utzita, Lakuako behin-behineko Gobernuko ordezkariek eta EAJko kideek elkarrizketak berrekin zituzten atzo botere aldaketa «era egokian» egiteko.

GARA | GASTEIZ

Botere aldaketaren inguruan azken asteetan izandako istilu eta ika-mika guztiak atzean utzita, EAJk eta Lakuako behin-behineko Gobernuak batzarra mantendu zuten atzo, aldaketa hori «lehenbailen eta era egokian» egin ahal izateko. Atzo eginiko batzarra azaroaren 20rako zegoen aurreikusita, baina bertan behera geratu zen, PSEk adierazi zuenez, «bilera egiteko baldintzak ematen ez zirelako».

Efek adierazi zuenez, Patxi Lopezek zuzentzen duen alderdia EAJk komunikabideei egindako filtrazio bategatik zegoen haserre. Filtrazioa horren arabera, Lakuako behin-behineko Gobernuak 640 milioi lotuta utziko lizkioke hurrengo Gasteizko gobernuari. Betiere Efe agentziaren arabera, jeltzaleen «maltzurkeria» horren aurrean, PSEk gobernu aldaketarako harremanak etetea erabaki zuen.

Atzo egindako bilkurarekin, gauzak bere onera itzuli dira. Alde jeltzaletik, Joseba Aurrekoetxea, Koldo Mediavilla eta Pilar Garcia de Salazar egon ziren bileran, eta, PSEtik, berriz, Idoia Mendia behin-behineko Barne eta Justizia kontseilaria eta Manu Salinero.

Atzoko batzarraren ostean, hurrengo egunetan gehiago izatea oso posiblea dela argitu zuten protagonistek, azken xehetasunak bideratzeko. Bi dira oraindik argitu beharreko kontuak: alde batetik, aurrekontuaren zer portzentaje exekutatu duen Lakuak gaur arte, eta, bestetik, Gasteizko Gobernuak Madrilekoarekin mantentzen dituen eztabaida judizialak: farmazietan berrordaintzea, etorkinei eman beharreko arreta medikoa eta Hezkuntza eta Osasun arloetako murrizketak.

PPk ez du Urkullu babestuko

Urkulluren inbestidurarekin jarraituz, Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak jeltzaleen hautagaia ez duela babestuko aditzera eman zuen atzo. «Ez dugu inolaz ere babestuko. Gure alderdiak ez du zerikusirik abertzaleek duten eredu ekonomiko eta instituzionalarekin. Guztiz ezberdina da gure eredua», nabarmendu zuen.

Basagoitik, halere, ez zuen behin-behineko akordioak lortzeko aukera alboratu: «Puntu zehatzetan akordioak lor ditzakegu, baina ez diogu gure doako babesa emango EAJri».

EAEko PPko liderrak, gainera, EAJren eta bere alderdiaren artean arlo ekonomikoan egon litezkeen antzekotasunak ukatu zituen: «Haien eredua eta gurea ez dira berdinak. Inolaz ere. Guk eredu globala, espainiarra, europarra daukagu, eta, haiek, berriz, herrialde txiki eta itxi batekoa». EAJ gogor erasoz amaitu zuen: «Azkenean, jeltzaleek gauza txikiei ematen diete balioa, gauza zaharrei; gizartea banatzen duten gauzei, alegia».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo