GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hizkuntza gutxituen aldeko lege bat eskatu dute Baionako topaketetan

Estatu frantsesak Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berresteko aukera zalantzan jarri zuten atzo Baionan Hizkuntza eta Kulturen Lurraldearteko Topaketetako parte hartzaileek. Itunaren garrantzia txikitu eta hizkuntzak babesteko lege bat sortzeko beharra nabarmendu zuten.

p020_f02.jpg

Ainize BUTRON |

XXII. Hizkuntza eta Kulturen Lurraldearteko Topaketak egin ziren atzo Baionan. Alsazia, Okzitania, Katalunia, Guyana, Martinika, Reunion uhartea, Bretainia eta Euskal Herriko ordezkariek hartu zuten parte, eta hizkuntza «politika publikoak» aztertu zituzten Euskararen Erakunde Publikoaren esperientziaren bidez.

Prentsaren aitzinean egindako agerraldian, deszentralizazio legearen ondorioz Alsazia eta Bretainiarentzat sortuko diren aldaketak aipatu zituzten. Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna ere izan zuten aipagai. Izan ere, ostegunean bertan, Frantziako Parlamentuko batzorde batek François Hollande presidenteak hitzemandako Europako Hizkuntz Gutxituen Ituna berresteko premia aztertu zuen. Bilera horren ondotik, abiatzekotan diren prozesuari begira nahiko ezkor agertu ziren. Parlamentuak 1998an Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna izenpetu ondoren, Konstituzio Kontseiluak ituna berrestea baztertu zuela gogoratu zuten, Konstituzioarekin bat egiten ez zuela-eta.

Hori horrela, Konstituzioa aldatzen ez den artean ituna ez dela izenpetuko nabarmendu zuten. «Konstituzioa alda dezakete, baina, horretarako, bost parlamentaritik hiru ekimenaren alde izan behar dira», zehaztu zuten. Horrelakorik ez dutela lortuko uste dute Baionan bildutakoek.

Legea, aukera bakarra

Baionan bildutakoek, hala ere, Europako Ituna izenpetzea ez zuten lehentasuntzat hartu. «Gaur egun daukaguna segurtatzeko aukera emanen liguke, baina ez du aurrerapauso nabarmenik ekarriko», esan zuten. Horrenbestez, hizkuntza gutxituen aldeko lege batek segurtasun gehiago emanen liekeela uste dute lurraldeetako ordezkariek. «Egun lortzen dugun oro administrazioen nahikeriaren menpe dago. Estatutu juridikoa eskatzen dugu», azpimarratu zuten.

Hizkuntza eta Kulturen Topaketak 1994an jarri zituzten abian zortzi lurraldeotako ordezkariek. Hasiera-hasieratik, indarrak batu eta euren aldarrikapenak elkarrekin egitea izan dute xede.

Mozioak

Ostegunean Bordelen hasitako topaketak gaur amaituko dira Pauen. Bukaeran, hitzartutako mozioak ezagutaraziko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo