Unasurren gailurrak Paraguaiko egoera politikoa aztertu du
Paraguaiko egoera atzo Unasurrek ospatu zuen gailurraren ardatza izan zen. Batzorde berezi batek Fernando Lugo presidentearen kargugabetzetik hona egindako txostena aztertu zuten bildutakoek. Cristina Fernandez, Hugo Chavez, Evo Morales eta Dilma Rousseff presidenteak ez ziren egon.
GARA |
Fernando Lugo presidentea kargutik bota ondoren, Unasurrek Paraguairen kidetza bertan behera utzi zuen behin-behinean. Atzo, Liman ospatu zuen gailurrean, Paraguairen egoera aztertu zuen erakundeak. Bezperan Kanpo Harremanetarako ministroek Paraguaiko egoera aztertzeko espresuki sortutako maila goreneko batzorde batek egindako txostena jaso ostean, atzo bildutako buruzagiek aztertu zuten. Txosten hori eskutan, Paraguai berriro kide bezala onartu edo ez erabaki behar zuten.
Pasa den astean, aipaturiko batzorde horren presidentea, Salomon Lerner perutarra, Asuncionera joan zen, baina Gobernuak uko egin zion berarekin elkartzeari. Unasurren aldetik, Paraguairen kontrako «gurutzada» salatu zuen Gobernuak. «Gure eskubideen egikaritza murriztu eta herrialdea beldurtu nahi dute», salatu zuen.
Nazioarteko Justizia Auzitegian aurkeztutako azken helegiteen gainean ere hausnartu zuten bileran. Hala, Kolonbiako Kanpo Harremanetarako ministroak, Maria Angela Holguinek, Nikaraguarekin duten afera nabarmendu zuen. Mapa bat eskuan zuela azaldu zen telebista irudietan, baina esaten ari zena entzuten ez zela. Juan Manuel Santos presidenteak argi utzi zuen ez duela Auzitegiaren epaia beteko. San Adresko artxipelagoan dauden zazpi uharte zingiratsuen subiranotasuna Kolonbiaren esku utzi bazuen ere, Nikaraguari ur eremu zabalagoa eman zion. Aberastasun handiko urak dira, bai arrantzari bai baliabide naturalei dagokionean.
Batasuna eta elkarlana
Gailurraren hasieran, Peruko presidenteak, Ollanta Humalak, Hego Amerikaren batasuna «errealitate zehatz» bilakatzea eskatu zien Unasur osatzen duten herrialdeei. «Gure garapenaren mesedetan, elkartzen gaituzten gauzak zeintzuk diren ikasi dugu. Horri esker, ideologien gainetik elkarrekin aurrerapausoak ematea lortu dugu. Hazten jarraitzeko baldintzak betetzen ditugu», nabarmendu zuen.
Gailurrean hutsune nabarmenak egon dira. Argentina, Bolivia, Venezuela eta Brasilgo presidenteak ez dute parte hartu.
«Segurtasuna eta bakea sendotu behar ditugu Hego Amerikan. Herrialdeen arteko aferak konpontzeko elkarrizketa pribilegiatu behar dugu», nabarmendu du bileran Ollanta Humala Peruko presidenteak.