GARA > Idatzia > Ekonomia

CAFeko lan espedienteak ekoizpena deslokalizatu nahi duela salatu dute

Manifestaldi jendetsua egin zuten atzo CAFeko langileek enpresak ezarri nahi duen lan erregulazio espedientearen kontra. 2013ko lehen sei hilabeteetan egongo da indarrean eta guztira 869 langileri eragingo dio. Enpresa komitearen ustez, ekoizpena deslokalizatzea du xede.

p030_f01.jpg

Iraia OIARZABAL |

Krisiak krisi, lortzen dituen kontratu eta irabaziengatik da ezaguna Beasaingo CAF enpresa. Azken asteotan, ordea, zuzendaritzak ezarri nahi duen lan erregulazio espedienteagatik (EEE) bihurtu da albiste, langileen ezin ulertua eta haserrea eraginez. Horregatik, espedientea ukatu eta horren aurkako mobilizazioak abiatu ditu enpresa batzordeak. Atzo, bigarren lanuztearekin batera, manifestazioa egin zuten Beasaingo kaleetan zehar eta EEEa gelditu bitartean mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri zuten.

«Gaurko borroka, biharko enplegua. ERErik ez» lemapean egindako protestak jende andana bildu zuen eta Irungo egoitzako langileen babesa ere jaso zuen. Aurretik, prentsa agerraldia egin zuten langileek, eta Jabier Pajares eta Asier Zubeldia enpresa batzordeko kideek azaldu zutenez, zuzendaritzak bere horretan jarraitzen du espedientea ezartzeko asmoan.

Lan karga jaitsi dela argudiatuta, 2013ko lehenengo sei hilabeteetan aldi baterako etetea ezarri nahi du enpresak. Pajares eta Zubeldiak esan zutenez, enpresa batzordeak beste aukera batzuk proposatzen baditu ere, EEEa aplikatzea beste biderik ez dagoela da zuzendaritzaren argudio nagusia.

«Zuzendaritzak ez dauka planteatzen diren arazoei buruz hitz egiteko asmorik. Akordioaren kulturarekin amaitu nahi du. Planteamendu hauen helburu bakarra tailerreko langile kopurua murriztea da», salatu zuten.

Espedienteak «CAF konpainiaren etorkizun berri bat» ezkutatzen duela uste dute. Zehazki, enpresak ekoizpena beste herrialde batzuetara deslokazitzatzeko helburua duela uste dute, eta horrek CAFeko eta Euskal Herriko enpresa txiki askotako enplegua deuseztatzea dakarrela ohartarazi zuten. Neurri horrek, ezinbestean CAFentzat lan egiten duten enpresetan eta Goierriko ehun ekonomikoan ondorio lazgarriak ekarriko dituela adierazi zuten.

Enpresa batzordearen izenean, «enpleguaren aldeko apustua alde batera utzi eta irabazietan soilik oinarritzen den industria politika ezartzea» arbuiatu zuten Pajares eta Zubeldiak. «Zertarako balio du ehunka milioi euro irabazten dituen enpresa multinazional batek ez badu bere inguruan enplegua sortzen eta aberastasuna banatzen?», galdegin zuten.

Badaude bestelako aukerak

Lan karga falta enpresak «eraikitako errealitate bat» dela baieztatu zuten, era horretan «beraien neurriak inposatu» ahal izateko. Ostera, lan karga falta erreala izango balitz, lan erregulazio espedientea ez diren beste aukera batzuk badaudela azpimarratu zuten.

Batetik, Euskal Herrian kokatutako egoitzetara ekartzen dena baino lan karga handiago ekar daitekeela uste dute. Ostera, arrazoi ekonomikoei erantzunez lana kanpora bidaltzen dela uste dute, eta, horregatik, bere argudioak arrazoitzeko dokumentazioa eskatu zioten zuzendaritzari.

Lanpostuetan sor daitezkeen gabeziak asetzeko, berriz, formakuntza egitasmoak abiatzea proposatu zuten. Era berean, urtero izaten diren irabaziekin langileak langabeziara ez bidaltzeko neurriak hartzeko eskatu zuten.

Negoziatuko duten irtenbide bakarra espedientea albo batera uzten duena izango dela adierazi zuten, eta, bitartean, mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri zuten.

Irabaziak eta kontratuak ikusita, harridura nagusi

Enpresaren «aldebakarreko» erabakiaren aurrean harridura agertu zuten atzo langileek. Izan ere, irabazi eta kontratu ugari izan ditu CAFek azken urteotan eta aurten ere mozkinak 100 milioi euro ingurukoak izango direla ziurtatu zuten. Enpresak emandako datuen arabera, 2012ko lehenengo sei hilabeteetan 78,66 milioiko irabaziak izan zituen, aurreko urtean baino %6,1 gutxiago. Ostera, negozio kopurua %7,36 igo zen. Gainera, kontratuak itxi ditu India, Brasil, Finlandia eta Italian. Datu horiekin enpresaren egoera ekonomikoa sendoa dela ulertuta, lan erregulazio espedientea atzera botatzeko eskaera igorri dio enpresa batzordeak Estatu espainoleko Enplegu Zerbitzu Publikoari. I.O.

Kanpoan merkeago

Enpresa batzordearen arabera, ekonomikoki merkeago irteten delako ekoitzi nahi du CAFek atzerrian. Ildo horretan, beste herrialde batzuetan ekoiztera derrigortzen duten klausulak izan badirela frogatzeko eskatu zion zuzendaritzari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo