GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria

Irla txiki bat (eta II)


Bigarrenak, «benetako antiguarrak», esklabo beltzen ondorengoak direla esaten du Kincaidek eta, zentzu horretan, gizaki nobletzat ditu. Nobleak dira, hain zuzen, biktimak direlako. Beren arbasoengandik herentzian jasotako pobreziaren biktima dira alde batetik, eta gaur egungo agintarien ustelkeriaren eta botere gehiegikeriaren biktima bestetik. Kincaiden kontra esan beharra dago Antiguako agintariak gustuko ez izan arren, haiek ere, «benetako antiguartzat» dituen haiek bezala, irlako biztanleak direla. Are gehiago, testuinguru honetan benetakotasuna definitzea eta zehaztea ariketa arras gatazkatsua da, hain zuzen ere benetakotzat jotzen dituen antiguarrak zein hain benetakotzat ez dituenak (nahiz eta Antiguan jaio, hazi eta bizi diren), biak ala biak, esklaboen ala kolonoen seme-alaba izan arren, beste lurralde batzuetatik etorritakoen ondorengoak direlako. Hots, esklabo beltzen existentzia eta ekintza ahalmena indartu nahian indigenen presentzia ukatu egiten du Kincaidek. Indigenen presentziaren ezabaketan esklabo beltzek zerikusirik izan zutela, zeharka bada ere (izan ere, laneskua ziurtatua izateak erraztu eta azkartu egin zuen indigenen sarraskitzea), esateak ez du haien biktima egoera gutxiagotzen, baina konplikatu egiten ditu giza-harremanak. Giza-gaiak gutxitan izaten dira zuri ala beltz; Primo Levik esan bezala, tragediaz eta traumaz ari garenean zona gris ugari aurkitzen ditugu, eta Antiguaren kolonizazio prozesua ez da horretan salbuespen. Hala ere, akatsak akats, Kincaiden «A Small Place» obra aitzindaria eta, tamalez, gaurkotasun handikoa, izaten jarraitzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo